«La Palmako lagun askok dena galdu dute: etxea, lursailak...»
Goierrin bizi diren kanariarrek larritasunez bizi dute La Palma uhartean gertatzen ari dena. Horien artean dago Emilio Hernandez (Santa Cruz de la Palma, 1949) urretxuarra.
Nolatan bukatu zenuen Urretxun?
Irakasle-ikasketak egin nituen Madrilen. Ikasle garaian, Iruñeako San Fermin jaietan, egun nire emaztea dena ezagutu nuen: Maribel Zabala urretxuarra. Astebururo Madriletik Urretxura etortzen nintzen eta ezkondu ginenean hona etorri nintzen bizitzera.
Ondo moldatu al zinen? Hemen zure jaioterrian baino hotz handiagoa egiten du…
Madrilen sekulako hotza pasatzen nuela gogoratzen dut. Alkandoraren azpitik pijama jartzen nuen eta pijamaren azpian egunkari orriak jartzen nituen. Zapatetan ere egunkari orriak sartzen nituen.
Garai hartakoa da egungoaren aurreko erupzioa. 1971koa, hain zuzen ere.
Hiru erupzio ezagutu ditut: 1949ko ekainekoa, 1971ko azarokoa eta egungoa. Hau da handiena, baina 1971koa ere ez zen makala izan. 1974an ezkondu ginen eta uda hartan Teneguia sumendia ikustera joan ginen. Erupzioa ia hiru urte lehenago izan zen, baina beroa jasangaitza zen oraindik. Erupzioak ikaragarriak dira.
Nola izan zenuen aurtengoaren berri?
Urtero La Palmara joaten gara oporretara. Irailaren 1ean itzuli ginen handik eta ez zegoen sumendiaren aktibitatearen arrastorik ere. Handik egun gutxira lehertu egin zen. Anoetan geunden, Realak Sevillaren aurka jokatu zuen partida ikusten, eta sumendiaren irudi bat jaso nuen. Nire lagun bat Tijarafetik Santa Cruz de la Palmara zihoan eta bere autoaren aurrean sumendia lehertu egin zen. Laguna berehala konturatu zen hura garrantzitsua izango zela.
Senitarteko eta lagun asko al dituzu La Palman?
Anai bat, hiru osaba-izeba eta lehengusu asko ditut. Nire anaiak berehala deitu zidan. Teneguiaren antzekoa izango zela, baina etxe gehiago suntsituko zituela pentsatu genuen. Izan ere, Teneguia itsasotik gertuago dago. Aurtengoak, gutxiago iraun izan balu, ez lituzke hainbeste etxe suntsituko. Baina asko zabaldu da. Toki batzuetan 40 metroko altuera hartu du. Gainera, oso toki aberatsean gertatu da. Turismo eta platano asko dagoen tokian. Eta dena galdu da. Nire lagun askok dena galdu dute: etxea, lursailak… ezer gabe gelditu dira.
Zuretzat ere oso gogorra izango da.
Jasotzen ari naizen argazkiak eta bideoak ikaragarriak dira. Zuen guztia galdu duen 70 urtetik gorako jendea dago. Ez dute nora joan. Ez dakite non eta nola bizi behar diren. Etxe askok ez zuten asegururik, ez dutelako asegurua egiteko ohiturarik. Etxe asko ez zeuden erregistraturik, aspaldi egin zirelako, belaunaldiz belaunaldi pasa direlako, eranskinak gehitu zaizkielako… Nori erreklamatu behar diote ezer?
Nola ikusten dituzu berreraikitze lanak?
Sumendiak irlaren hegoaldeko auzo batzuk erabat txikitu ditu. Auzo berriak eraikitzeaz hitz egiten ari dira. Non? Erupzioa oraindik ez da amaitu eta, beraz, ez dago jakiterik zer salbatuko den eta zer ez. Gainera, La Palma babestua dago. Ezin da edozein tokitan eraiki. Horretaz gain, erupzioa oraindik amaitu ez denez, gobernuak ezin ditu kalteak neurtu eta ezin da laguntzak ematen hasi. Urteak pasako dira laba hoztu eta bere gainean ezer egin ahal izan arte. Errepide berriak egin behar dira. Nola? La Palmak ez du errepideak egiteko baliabiderik. Asfalto fabrikak ireki beharko dira. Milioi asko beharko dira La Palma berreraikitzeko.
Oso gertutik ari al zara jarraitzen gertatzen ari den guztia?
Television Canariak kamera finko bat du eta kamera horri esker webgunean eguneko 24 orduetan ematen dituzte sumendiaren irudiak. Ordu asko ematen ditut Television Canaria ikusten eta anaiarekin, gainontzeko senitartekoekin eta lagunekin hitz egiten. Hiriburua irlaren iparraldean dago eta hor bizi direnek (beraien artean, nire anaia) zarata eta errautsa bakarrik pairatzen dituzte. Baina nahiz eta betaurrekoekin eta musukoarekin babestu, errautsa organismoan sartzen da. Eta inork ez daki errauts horrek etorkizunean ze kalte eragingo dizkien.
Hori guztia gutxi balitz, ez dago jakiterik erupzioa noiz amaituko den.
Gelditzen denean, indarra hartzeko da. Ez dakit zergatik, baina sumendiak gauean jaurtitzen du laba gehien.
La Palmako biztanleengan arrastoa utziko duela uste al duzu? Erupzioa amaitzen denean ere sumendien beldur biziko al dira?
Ez dut uste. Nire gurasoek traumarik ez duela uzten esaten zuten. Gainditu egiten dela. 1949ko erupzioa gertatu eta bizpahiru urtera normaltasunez bizi zirela esaten zuten. Lehengora itzuli zirela.
Nolakoa da La Palma?
La Palmak oso turismo gutxi du, Kanariar Uharteetako beste irla batzuen ondoan. Irla berdea da eta hondartzetako hondarra beltza da. Horrek jende asko atzera botatzen du. La Palmara joaten den jende gehiena mendian ibiltzera joaten da. Hotel gutxi daude. Alokairuan dauden etxebizitzak eta nekazalturismoa dira nagusi. Mendizaleentzat toki paregabea da. Izan ere, zero metrotik 2.300 metrora igo daiteke. Sumendiak, basoak, ibaia… daude. Eta Roque de los Muchachos-eko behatoki astrofisikoa. Hau guztia pasatzen denean, jendea La Palmara joatea komeni da. Turismoa oso garrantzitsua izango da. Laguntza guztia gutxi izango da. Ez dut nahi jendeak La Palma ahaztea. Realeko bazkidea naiz eta partida guztietara La Palmaren aldeko bandera bat eramaten dut.
Nolakoa da uharte batean bizitzea? Ez al zaizue txiki gelditzen?
La Palma irla txiki bat da, baina bertan jaio denak ez du klaustrofobiarik sentitzen. Kanpotik joaten denari, ordea, berehala txiki gelditzen zaio. Irla txiki batean bizitzeak arrastoa uzten du. Mundu txiki batean bizitzera ohitzen zara. Etsi egiten duzu. Eta erritmoa lasaiagoa da. Jendea hemen baino lasaiago bizi da.