Txakur eta jabe eredugarri bilakatzeko lehen urratsa gaur eman behar da
Gaur zabalduko dute Jabe eredugarri formakuntza saioetan izena emateko epea. Txakur eredugarri programa berrikuntzak ditu: helduentzako eta haurrentzako hitzaldiak izango dira
Jabe Eredugarri Formakuntzak zortzi saio presentzialeko hiru txanda izango ditu. Urtarrilean izango da lehendabizikoa. Izen ematea gaur zabalduko dute, Beasaingo Udalaren webguneko Jabe Eredugarri Programa atalean. Txakur-hezitzaile titulu ofiziala eskuratu ahalko da bigarren edizio honetan ere. Jabe-txakur bikoteak gaitasun proba bat gainditu beharko du formazioaren amaieran horretarako. Ikastaroaren helburua jabeak trebatzea da, txakurrak ongi zainduak eta une oro kontrolpean izan ditzaten, tituluez harago.
Sozializazio paseoei ere eutsi diete. Jabeak eta txakurrak ostegunero elkartuko dira bi eta lau hanketako animaliak kidetu daitezen. Gainera, Jabe Eredugarri Formakuntzetan ikasitakoa aplikatzeko aukera paregabea da
Txakur Eredugarri Programak hanka berriak ere izango ditu. Hirugarren adinekoei bideratutako jardunaldiak egingo dituzte Nagusien Egoitzan, Eguneko Zentroan eta Arangoitin, besteak beste. «Saio hauen helburua estimulazio kognitibo eta sentsoriala lantzea izango da, baita komunikazio afektibo eta ludikoa indartzea ere», azaldu dute Beasaingo Udaletik; haurrentzako hitzaldi bat ere egongo da, Txakurren hizkuntza delakoa. «Animalia hauengana nola gerturatu eta beraiekin nola jokatu erakutsiko da», aipatu dute. Nagusiagoei bideratutako estilo bereko beste hitzaldi bat ere eskainiko dute. Hitzaldiak herritar guztiei bideratuta daude, ez soilik txakurren jabeei.
Gai ezberdinetako ordubeteko lau saio monografiko ere prestatu dituzte. Adopzioaren inguruan eta txakur baten jabea izatea zer esan nahi duen arituko dira, adibidez.
Pandemiaren erruz bertan behera geratu zen Euskal Artzain Txakurren erakustaldia berreskuratuko dute. «Arraza honek dituen gaitasunak erakusteaz gain, maskota bezala ere balioan jarri nahi da. Izan ere Euskal Artzain txakurra desagertzeko arriskuan dagoen arrazetako bat da», ohartarazi dute.
Saio osagarrien datak aurrerago zehaztuko dituzte.
Betebeharrak
Udalak jabeei gogorarazi die hainbat betebehar ere badituztela. Hala nola, txakurren gorotzak jasotzea eta hauek lotuta eramatea. Aske eramateko Ezkiaga auzoko, Urbieta etxearen atzealdeko, Zaldizurretako biribilgunearen aldameneko eta Igartzako Monumentu Multzoko txakur parkeak erabili behar direla zehaztu dute.
Udalak azpimarratu du pertsonen eta txakurren arteko bizikidetza duela helburu. «Egunetik egunera, handitzen doa maskota kopurua udalerrian. Horregatik, ezinbestekoa da txakurrak dituztenen eta ez dituztenen arteko elkarbizitza eta harreman egoki baterako baliabideak eta bitartekoak eskaintzea».