Arzuagak jarri du jaiotza aurten ere Udanan
Errepide horretatik igarotzen diren txofer eta txirrindulari guztiekin "Gabon izpiritua partekatzeko" helburua du.
Jose Luis Arzuaga legazpiarrak bete du berriz ere 2006tik duen ohitura, eta jaiotza jarri du Udanako mendatean, Oñatitik Legazpira doan errepidearen ondoko pago zahar baten enborrean. Berak egindako egurrezko piezekin osatuta dago jaiotza, eta aurten inoiz baino ikusgarriagoa da, enborra hondatzen hasia denez, beste elementu batzuekin osatu behar izan duelako konjuntoa.
Abenduaren 4tik dago jarrita jaiotza, ondotik pasa diren txofer eta txirrindulari guztiekin “Gabon izpiritua partekatzeko” helburuarekin. Tamalez, Udana trafikoarentzat itxita dago igande arratsaldetik, eta tarte batean behintzat ezin izango du Arzuagak eman dion funtzio hori bete.