Hasi dira Legazpiko tren geltoki berria egiteko lanak
Obretako etxolak jarrita daude joan den astetik. Oraingo geltokira joateko bidea itxita dago, oinezkoentzat izan ezik. Hamahiru hilabete iraungo dute lanek
Oso agerikoak ez dira oraindik, baina hasi dira Legazpiko tren geltoki berria eraikitzeko lanak. Joan den astean jarri zituzten obretako etxolak Geltoki hiribidean, eta azken egunetako euriek baldintzatuta hondeaketa lanak atzeratu egin badituzte ere, beste zeregin batzuekin hasi dira, azterketa topografikoak horien artean.
Obren ondorioz, Geltoki hiribideko aparkalekuak kendu egin dituzte, eta lanek irauten duten bitartean, mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekua eta geltokira iristeko oinezkoentzako sarbidea bakarrik mantenduko dituzte.
Geltoki berria eraikitzeko lana Construcciones Moyua eta Cycasa Canteras y Construcciones enpresa elkartea egiten ari da, 3.907.467 euroko aurrekontuarekin. Obrak 13 hilabete inguru iraungo du.
Herrigunetik gertuago
Tren geltokirako eraikin berri bat altxatuko dute epe horretan, hilerrira joateko tunelaren inguruan, trenbidearen eta kalearen artean dagoen desnibela baliatuz. Geltoki berria oraingoa baino 130 metro hurbilago egongo da herrigunetik, eta bidaiarientzako irisgarriagoa izango da, baita mugikortasun arazoak dituztenentzat ere.
Eraikineko gune nagusia beheko solairuan egongo da, eta bertatik bi nasetara igotzeko igogailuak eta eskailerak izango dira. Trenbide parean, bidaiarientzako markesinak eta babesleku berriak egingo dituzte eta nasak handitu eta altxatu. Argiteria ere berrituko dute.
Geltoki berriak bi solairu izango ditu, beraz. Beheko solairuak harrizko zokaloa izango du kanpotik, eta goikoan markesinak egongo dira agerian.
Lanak osatzeko, beste hainbat jarduketa ere egingo dituzte, trenbidearen azpiegiturari eragiten dietenak. Hala, trenbideko seinaleak eta bestelako tresnak eragiteko instalakuntzak edo gatigamenduak lekuz aldatuko dituzte. Gainera, trenbidearen plataforma finkatzeko eta egonkortzeko lanak ere egingo dituzte.
Udalarekin elkarlanean
Geltokiko eraikin berria egiteko obrak aurretik egindako lanen jarraipena dira, eta irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea dute helburu. Aurretik, trenbide gaineko pasabidea arriskutsua zelako, Brinkolarako norabideean dagoen nasara iristeko beste bide bat egin zuten, 2018ko udaberrian, hilerrira doan tuneleko pasabidea baliatuz.
Orain arte egindako lanak eta orain hasi berri direnak Adif elkarte publikoaren eta Legazpiko Udalaren arteko elkarlanaren emaitza dira.