Goierrin sortutako eta egindako lana, Gabonetarako oparirik onena
Arteria Fabrikaren babesean biltzen diren hainbat artisten lanak salgai jarri dituzte Interneten. Goierriko sortzaileen galeria digitala sortzeko lehen urratsa da
Eguberrietan Goierriko sortzaileen artelanak oparitzeko gonbitea egin die Arteria Fabrikak goierritarrei. Ez da edonolako proposamena, era eta prezio askotako produktuak eskaintzen dituelako eskualdeko sortzaileen bilgune horrek internet bidez. www.arteria.eus webgunean sartuta, koadroak, diseinuzko lanak, arropak, bitxiak, liburuak, argazkiak, diskoak eta beste hainbat artelan eta produktu erosteko aukera dago, Goierrin eta goierritarrek egindakoak dira guztiak, Kilometro 0 kontzeptuaren adierazpen osoa, beraz.
Arteriaren Gabonetako kanpaina horren atzetik izen handiak ezkutatzen dira: Maider Urretabizkaia, Javier Soto, Jokin Telleria, Sergio de la Fuente eta Santi Pelaez margolariak, Kontxi Simon eskulan egilea, Nauena diseinatzailea, Liss Evermore idazlea, Araiz bitxi egilea, Jaione Salinas moda diseinatzailea, Andoni Lubaki argazkilaria eta Xabier Crehuet eta Sin Mala Intencion taldeko musikariak.
Galeria digitala
Kanpaina horrekin Arteria Fabrikak bere helburuetako bat betetzen du, hau da, sortzaileari eta haren sormenari ikusgarritasuna eta aitortza eskaintzea, eta hori Internet eta sare sozialen bidez egin du oraingoan, artistentzat ezinbesteko bihurtzen ari den erakusleiho horiek baliatuz.
Hain zuzen, aurtengo Gabonekin batera martxan jarritako kanpaina hori artisten galeria edo erakusleiho digitala sortzeko lehen urratsa izan da. Horren ondoren kanpaina gehiago etorriko dira, geroz eta artista gehiago inplikatuz.
Une honetan 87 sortzaile biltzen dira Arteriaren babesean, eta arte diziplina desberdinak lantzen dituzte. Egun hauetan lanak salgai jarri dituztenak aniztasun horren adibide argiak dira.
Aniztasun hori eskaintzen diren produktuen prezioetan ere ikusten da, baina egitasmo honen bultzatzaileetako bat den Iker Zinkunegik dioen bezala, «artelan baten atzean dauden orduak eta orduak kontuan hartu behar dira, eta beste lanbideetan egiten den bezala, horiek ere ekonomikoki kuantifikatu behar dira».