La Palmako biztanleek legazpiarren elkartasun musikatua jasoko dute
Et Incarnatus Orkestrak eta lagun talde batek antolatuta, dirua biltzeko kontzertua egingo dute igandean. Rogelio Botanz izango da partaideetako bat. Sarrera, 10 eurokoa da
Musikaren bitartez jasoko du La Palma uharteak Legazpiko elkartasuna laster. Cumbre Vieja sumendiak kaltetutakoen aldeko kontzertua egingo dute igande arratsaldean Urbeltz pilotalekuan, euskal musikari ugariren partaidetzarekin. Et Incarnatus Orkestraren eta haren lagun talde baten ekimena da, eta helburua La Palmara bidaltzeko dirua biltzea da.
Kontzertuaren xehetasunak azaltzeko eta helburu horren berri emateko atzo elkartu ziren udaletxean Koldobike Olabide alkatea eta Iñigo Imaz kultura zinegotzia, Et Incarnatus Orkestrako Migel Zeberio zuzendariarekin batera.
Musikari ugari
Et Incarnatus Orkestraren ekimenez iritsi da kontzertu hau Legazpira, Kanariar Uharteetan bizi den Rogelio Botanzen proposamenari jarraituz. Orkestraren 25. urteurrenaren ospakizunean kokatzen da. Pandemiaren eraginez ezin izan dute urtemuga nahi bezala ospatu, eta hasierako asmoak La Palmako biztanleen aldeko «elkartasun abenturak» ordezkatu ditu.
Zeberiok azaldu duenez, bi zati ditu abentura horrek, eta lehena asteburu honetan gauzatuko da, larunbatean Tafallan eta igandean Legazpin emango dituten kontzertuekin. Gabonak igaro eta gero, La Palman bertan izango du jarraipena proiektuan, hara joan eta kontzertu gehiago emango dituztelako. bertako musikarien laguntzarekin. «Elkartasun ekonomikoaz gain, elkartasun animikoa helaraztea da gure helburua».
Euskal musikariak
Et Incarnatus Orkestrako musikariekin eta Rogelio Botanzekin batera, beste euskal artista batzuek ere parte hartuko dute kontzertuan: Nikotina raperoak, Kristina Aranzabe, Leire Letu eta Joseba Tapia eta Leturia. Azken bikote honek elkarrekin jo ez duela urteak dira, eta horrek interes gehiago erantsiko dio emanaldiari, Zeberioren esanetan.
Ordu eta erdiko «festa giroko errepertorioa» eskainiko dute guztien artean, eta elkartasun abentura honetarako espreski sortu duten Tacande lana aurkeztuko dute. Jose Antonio San Miguel Alfarok konposatuta, «La Palma uharteari eta bertako biztanleei eskainia da. Tacande hitzak ‘lur errea’ esan nahi du».
Sarrerak eta ‘0 zerrenda’
Sarrerak 10 euro balio du, baina elkartasun helburua kontuan izanik, gehiago ordaindu nahi duenak ere horretarako aukera izango du. Gainera, antolatzaileek ‘Zero zerrenda’ deritzana ere sortu dute, kontzertura joan ezin dutenek sarrera erosita laguntzeko. Horretarako laster jarriko dute martxan atal bat www.etincarnatus.eus webgunean.
Webgune horretan bertan sarrerak erreserbatu egin ahal izango dira, baina jaso eta erosi, emanaldiaren egunean bertan egin beharko dira, 17:00etatik aurrera. Pilotalekuko ateak 17:30ean irekiko dituzte.