Martin Pipasek Olentzerorentzako eta Mari Domingirentzako gutunak jasoko ditu aurten ere
Buzoiak jarriko dituzte haurrek gutunak bota ditzaten. Hilaren 22an, asteazkena, jasoko ditu bertatik.
Kaixo, lagunok:
Hor al zaudete? Denok zaudete, eskerrak! Beldur nintzen! Izan ere, iazko zomorro gaizto hori gure inguruan dabil oraindik ere! Ah, baina ez dizuet esan nor naizen! Martin Pipas naiz, urtero garai honetan etortzen den zuen laguna. Gogoratzen? Zuen gutunak Olentzero eta Mari Domingiri eramaten dizkiona! Horixe!
Berriz ere iritsi da gutunak biltzeko garaia eta berriz ere iaz bezalaxe aritu beharko dugu. Gogoan al duzue nola egin genuen?
Iazko tranpa bera egingo diogu zomorro nazkante horri eta aurrekoan bezala emango dizkidazue gutunak. Ondoren, jakina, nik Olentzerori emango dizkiot. Urtero bezala, zuen desio eta nahiak beteko ditu eta denok jasoko ditugu gabonetako opariak gure etxeetan.
Gutunak ikastolan, Latxartegin (HH) eta udaletxean jarriko dudan postontzi batean utzi behar dizkidazue. Ez kezkatu, inork ez nau ikusiko postontziak jartzen. Nik handik jasoko ditut abenduaren 22an. Ez ahaztu ordurako bota behar duzuela zuen gutuna.
Olentzerok erabakita du dagoeneko nondik eta nola etorri. Iaz bezala arituko da. Eta, lasai! Erraz egingo du, bere magia erabilita guztion etxeetara sartuko da aurten ere.
Beraz, badakizue, hasi gutunak idazten. Ez ahaztu opariak jasotzeko txintxo-txintxo ibili behar duzuela eta Olentzerok mendiko etxetik den-dena ikusten duela.
AGUR ETA LASTER ARTE, MARTIN PIPAS.