Legazpiko udal aurrekontuen aldeko botoa iragarri du Oscar Valbuena sozialistak
Irisgarritasunaren, berdintasunaren eta ingurumenaren alorrean egindako proposamenak azaldu ditu. Auzoetan egingo diren lanak nabarmendu ditu. Tren geltoki berria, premia bat
Datorren urterako udal aurrekontu proposamenaren aldeko botoa emango duela jakinarazi zuen atzo Oscar Valbuena PSE-EEko zinegotziak, komunikabideen aurrean tren geltokiaren inguruan egindako agerraldian. Zinegotziak azaldu zuenez, alderdi sozialistak egin dituen proposamenak kontuan hartu direlako bozkatuko du aurrekontuaren alde datorren astean udaletxean egingo den osoko bilkuran. «Gaur bertan [atzo] jaso du aldeko irizpena aurrekontu proposamenak, eta ziurrena da plenoan onartua izatea».
Sozialisten proposamenen helburuak hiru izan direla azaldu zuen Valbuenak: «Auzoetako irisgarritasuna hobetzen jarraitzea, ingurumenaren aldeko neurriak sustatzea eta genero indarkeriaren aurka jardutea».
Sozialisten proposamenak
Zehaztasunetara jo zuen ondoren, eta auzoetako irisgarritasunaren alorrean, Urtatzarako eta San Joanerako 35.000 euroko partida bana sartu direla azaldu zuen, bi auzoetako hainbat ataritara iristeko arrapalak egiteko.
Laubideko atari bakoitietarako ere «akordio bat» lortu dutela azaldu zuen, gune horretan burutzen ari diren irisgarritasun lanetan hirugarren faseari ekiteko. «Auzoaren hobekuntza jomugan, aurreko faseetan 600.000 euro inbertitzea lortu dugu, eta hurrengo urterako beste partida bat sartuko da, 240.000 eurokoa». Diru kopuru hori aurtengo aurrekontuan jasotako partidarekin eta udalak duen sobe- rakinarekin osatuko dela zehaztu zuen.
Alderdi sozialistak negoziatutako beste proiektu batzuk ere aipatu zituen, horien artean berdintasunerako eta genero indarkeriaren aurkako ekintzen alorrerako 5.000 euroko partida bat. Horrekin batera, eskola materiala erosteko laguntzen partidan 14.000 eurora arteko igoera izango dela azaldu zuen.
Ingurumenaren gaiaz ere hitz egin zuen, eta sozialisten ekimenez ibai ertzeetan sare metalikoak jartzeko 4.000 euroko partida sartu dela nabarmendu zuen.
Bellotaren pentsio zaharraren proiektua idazteko eta lehen obrak egiteko 260.000 euroko partida, eta gazteen enplegu planerako 27.000 euroko partida ere aipatu zituen.
Tren geltoki berria
«Auzoak, gizarte zerbitzuak, azpiegiturak, mugikortasuna, berdintasuna, ingurumena eta gaztedia. Hauek dira datorren urteari begira landuko ditugun gaiak. Alderdi sozialista bat gara, ezker moderatukoa, eta, erakundeetatik egiten dugun lanagatik, herritarrentzako probetxugarria», esan zuen amaitzeko, eta azken baieztapenaren adibide gisa tren geltoki berria aipatu zuen.
2015eraino egin zuen atzera Valbuenak, «sozialistok Adifek tren geltokiaren eraberritze integrala egin zezala eskatu genuen, beste batzuek nasak konpontzea bakarrik nahi zuten bitartean». Irisgarritasuna hobetzea eta trenen maiztasuna areagotzea ziren helburuak. «Azkenik lortu dugu, Pedro Sanchezen gobernuari esker». Tren geltoki berria «herritarrentzako mesedegarria» izango dela argi utzi zuen, irisgarriagoa izango delako eta herritik gertuago egongo delako.