Olentzerok eta Mari Domingik goierritarren eskutitzak jaso dituzte
Goizean Zerainen izan dira eta arratsaldean, Zegaman eta Ezkion
Goierriko haurrek Olentzerori eta Mari Domingiri gutunak entregatu dizkiete. Goizean Zerainen izan dira jasotzen eta arratsaldean, Zegaman eta Ezkion. Jostailu digitalak geroz eta ohikoagoak diren arren, Olentzerok azaldu du jolas analogikoak oraindik ere asko eskatzen direla. “PAW patrolen jolasak askok eskatu dizkidate”, azaldu du. “Baita ere jostailuzko ibilgailuak: trenak, traktoreak…”. Mezu bat bidali die Goierriko haur guztiei: “Lasai egon. Eskatutako guztia prest izango dut Gabon Gauerako”.
Goierriko haurrak urte guztian oso ongi portatu direla ez dute zalantzarik, nahiz eta urte zaila izan dela azpimarratu duten. “Zenbait guraso okerrago portatu dira”, egin du txantxa ikazkinak. Ikatz apur bat banatzea egokituko zaio, hortaz.
COVIDak zaildu du urtea, eta Olentzeroreki eta Mari Domingirekin elkartzeko ere ez du erraztasunik ekarri. Zegaman, Anduetza parketxean, familiatan banatuta bisitatu dute Olentzero. Aurretik, taloa egiten ikasi eta txokolatearekin jan dute. Ezkion ere talde txikietan egin diote bisita Olentzerori eta Mari Domingiri. Herriko eskolan dabiltzan haurrentzako mugatutako bisita izan da, gainera.
Bateren batek zer eskatu zalantza badu eta eskutitza ez badu amaitu, oraindik garaiz dabil. Azken unera arte jasoko dituzte gutunak. Legazpin, adibidez, Martin Pipasek asteazkenean jasoko ditu herriko buzoietan utzitakoak.