Antzerki garaiaren gidoia euskaraz idatzia da
Zortzi antzezlan izango dira, urtarrilaren 14tik apirilaren 8ra. Sei, euskaraz izango dira
Antzerki garaia zikloak euskararen aldeko hautuari eutsi dio. Emanaldien hiru laurden euskaraz izango dira, beste edizio batez. 2022koa 28. ekitaldia izango da. Urtarrilaren 14an izango da lehen emanaldia: El instituto T, Lekanosa Teatroarena. Apirilaren 8ra bitarte beste zazpi obra taularatuko dira, Beasaingo Usurbe eta Ordiziako Herria antzokietan. Beasaingo eta Ordiziako udalek elkarlanean antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzoki Sarearen lankidetzarekin.
Zikloak publiko berria erakarri nahi du. Gazteak, batik bat. Horretarako egitarau “aberatsa” prestatu dutela azpimarratu du Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, “kalitate handikoa eta gai ezberdinak jorratuko dituena”. Leire Artola Beasaingo alkateak zehaztu du kalitateaz eta hizkuntzaz gain, konpainiaren eskarmentua eta obraren arrakasta izan direla obrak aukeratzerako garaian erabilitako irizpideak. Konpainiek izandako prestutasuna eskertu dute, garai zailak izanik lan egiteko “desiratzen” daudela sentitu baitute. Bi udalek egiten duten kulturaren aldeko apustua azpimarratu dute.
Sarrerak eta abonuak
Antzerki garaia osorik ikusteko abonoak 72 euro balio du. Urtarrilaren 10era arte egongo dira salgai, Ordizian Barrena Jauregian eta antzokian eta Beasainen Usurbeko leihatillan. Sarrera solteek hamabi euro balioko dituzte, emanaldi bakoitzeko. Ordizian sarrerak aldez aurretik Barrenan eta 943 805 630 telefonoan eta egunean bertan antzokiko leihatillan eskuratu ahalko dira; Beasainen, antokiko leihatillan eta plataforma digitaletan. Hamar sarrera baino gehiago behar dituzten taldeek hamar eurotan izango dituzte sarrerak.
Obra guztiak 20:30ean hasiko dira. Antolatzaileek garaiz ibiltzeko deia egin dute, behin hasitakoan ez baita sartzerik egongo.
Artolak eta Ezenarrok ikusleei lasaitasun mezua helarazi die: “Segurtasun neurri guztiak beteko dira eta eremu seguruak izango dira”, nabarmendu dute. “Denok dakigu zein ziurgabetasun egoeran bizi garen, izan neurriak aldatzen direlako edo izan positiboak daudelako. Litekeena da dataren bat aldatu behar izatea, oso zaila izaten ari delako agendari aurreikusi bezala eustea, baina programa bere osotasunean egingo da”.
Sinospiak: |
|||
El instituto T |
Lehendakari gaia |
Semea pixka bat motelago dabil soilik |
Fake |
T institutuak, mundua menderatzeko behin betiko kontrol mentaleko arma garatzen ari den erakunde sekretu batek, Ruben bahituko du, makinak funtziona dezan bere laguntza behar baitute. |
Lehendakari gaia pieza komikoa da. Bertan, herrialde bateko presidenteak inbestidura-hitzaldia egin behar duen egunean horretara bultzatu duten benetako arrazoien eta motibazioen inguruko hausnarketa da. |
Familiaren etxea askotariko espazioa da eta, bertan, hainbat egoera ikusiko dira: batzuk barregarriak, beste batzuk krudelak edo hunkigarrak, eta beste asko sailkatu ezin direnak. |
Gabon Zahar gaua da. Baina ospakizuna tranpa bat baino ez da. Amama benetako kanpaien aurretik ohera eramateko plantak egiten ari baitira. Behin amama lo dagoela guztiak benetan diren bezala joka dezakete. Eta orduan hasiko dira arazoak. |
Kottauak |
Kopaz kopa |
Porno |
Bost minutun |
Bederatzi urteko harremanaren eta hamalau hilabeteko sexu-lehortearen ondoren bikote-harremanaz berriro gozatzeko laguntza eskatzen duen senar emazte batzuen istorioa da. |
Zer gertatzen da berrogei urte baino gehiago dituzunean eta konturatzen zarenean zure bizitzaren erdia pasa dela? Honi aurre egingo diote Mikelek eta Anderrek, bakoitzak bere erara. |
Familia normal eta arrunt baten baitan sortutako gatazkaren ondorioz gaur egungo ‘pantaila barruko gizarte honen’ kontraesanak partekatuko ditu, barre algara ugariren artean. |
Nekane eta Koldo. Haurdunaldi testa. Bost minutu falta dira emaitza jakiteko. Guraso izateko prest daude? Guraso izan nahi dute? Aurrera-pauso bat edo amildegira jauzi bat? |