Txorroneako Olentzero, Gabonak alaitzeko prest
Gabonetan Legazpin bisitatu beharreko txokoa da Txorronea, baserriko balkoian Olentzero erraldoi bat jartzen dutelako. Zazpi urte dira Gutierrez familiak herriko Gabonak horrela alaitzen dituela.
Txorronea baserrikoak Olentzeroren lagun minak dira orain dela zazpi urtetik. Bertako Gutierrez familiako kide batzuren ekimenez, ondoko etxebizitzarekin elkarbanatzen duten balkoi bat eskaintzen diote urtero pertsonai horri, legazpiarren eta herrira bisitan etortzen direnen Gabonak alaitzeko helburuz.
Floren Gutierrez arduratzen da azkenaldian balkoiko muntaia egiteaz, baina ez du ahaztu nahi horren guztiaren atzetik bere arreba Pili dagoela. «Pili hasi zen Olentzero jarri nahi zuela, eta gero niri eskatu zidan laguntza apaintzeko hostoak eta beste elementu batzuk jartzeko. Egurrezko egitura Josu koinatuak eta Marcel anaiak egin zioten».
Zazpi urte dira lehen aldiz jarri zutenetik, eta ordutik ez dute hutsik egin. Abenduko zubian jartzen dute, eta Erregeak pasa eta gero kentzen dute.
Txorroneako Olentzero aulkian eserita dago, egurrezko estalpe batean, ondoko mahaian ardo botila eta fruta saskia dituela. Haurren gutunez eta haurrentzako opariez beteriko zakua ere ez du falta. Ezta balkoi azpitik igarotzen diren txikiek utzitako txupeteak ere! Gauez argiekin apaintzen dute.
Udanako jaiotza
Legazpiko Gabonetako beste ikur bat herritik kilometro batzuetara dago, eta aurten inoiz baino urrutiago gainera. Jose Luis Arzuagak jarri du aurten ere egurrezko jaiotza Udanako mendatean, errepide ondoan dagoen pago zahar baten enborrean.
Abenduaren 4tik dago jarrita jaiotza, ondotik pasatzen diren txofer eta txirrindulari guztiekin «Gabon izpiritua partekatzeko» helburuarekin. Tamalez, Udana trafikoarentzat itxita dago azken egunetan, eta tarte batean be-hintzat ezin izango du Arzuagak eman dion funtzio hori bete.
Floren, inauteriei begira
Gabonen ondorengo hurrengo jai esanguratsuenak Inauteriak dira Legazpin, Floren Gutierrezen festa kuttunak. Ezaguna da Gutierrezek Inauterietan mozorrotzeko duen zaletasuna, eta herrian ikusmin handia izaten da urtero aukeratzen duen mozorroa eta pertsonaia zein den jakiteko.
Pandemiaren eraginez, aurten ez da mozorrotu, baina datorren urtean ez duela hutsik egingo dio. «Kalean bakarrik ibiltzen naiz, ez dut uste arazorik izango denik COVID-19arekin». Dagoeneko erabakita du Legazpiko zein pertsonai antzeztuko duen hurrengo inauterietan, eta mozorroa prestatzen hasia da. Azken aldian Mertxe praktikantearen paperean sartuta ibili zen kalez kale, hurbiltzen zitzaizkion guztiei irribarre bat ateraz.