Eider Saez kantari lazkaotarrak ez du Nogen taldean jarraituko
Lau urtean izan da Donostiako taldeko abeslaria. "Bihotzak eskatzen" dionari jarraituta, bukatutzat eman du aro hori. Azken kontzertua Madrilen izango du, urtarrilaren 15ean.
Eider Saez lazkaotarrak Nogen musika taldea utziko du. Gaur jakinarazi du erabakia sare sozialetan. Lau urtean izan da talde donostiarraren oholtza gaineko ahotsa, aurpegia eta gidaria. 19 urterekin hasi zen kantari modura, eta 23 urterekin, bukatutzat eman du aroa. Hain justu, beste lazkaotar bati hartu zion lekukoa, Ane Negueruela abeslariak utzi zuenean (2016tik 2018ra izan zen abeslaria).
Erabakia zaila izan dela, baina “bihotzak” eskatu dionari kasu egin eta Nogen-eko partaidetza utziko duela esan du Saezek. “Azken urtea bereziki gogorra izan da niretzat, baina ibilbide honek eman didan guztiarekin geratzen naiz”, esan du, agurreko gutunean. Nogen ez dela bere “lekua” gehitu du musika bizitzeko ahaleginean; “eta ondo dago hori”. Zuzeneko emanaldiek eman dioten “indarra” balioetsi du.
Esker oneko hitzak esan ditu taldekideekiko, eta kontzertuetara joan diren guztien “berotasuna” ere bai. Bere asmoa abenduan Euskal Herrian ematekoak ziren kontzertuetan agurtzea zela erantsi du, “baina tamalez bertan behera geratu dira”. Azken kontzertua Madrilen egingo du Saezek Nogen-ekin, 2022ko urtarrilaren 15ean.
Nogen-ek jarraituko duela, eta onena opaz agurtu du lau urteko esperientzia Eider Saezek.