Goierriko haurren pilota txapelketa antolatu dute Ataunen Gabon asterako
Abenduaren 27tik 30era Auzoetan lehiatuko dira neska-mutilak, goizez eta arratsaldez. Sei urtetik 14ra bitarteko haurrentzat da. Eskuz jokatuko dute, zaharrenek banaka eta gazteagoek binaka.
Eskola Kirolak eta kirol federatuak Gabonetan oporrak hartuko badituzte ere, pilotariek txapelketa ugari izango dituzte han eta hemen, datorren astean. Horietako bat, egutegian sustraitu den Ataungo Gabonetako Pilota Txapelketa izango da, Goierri osoko haurrentzat irekia.
Abenduaren 27an hasiko da lehiaketa, eta finalak 30ean jokatuko dituzte. Lau egun horietan, egunero eta goiz nahiz arratsalde izango dira pilota partidak, Auzoeta pilotalekuan. Goizez 10:00etatik aurrera, eta arratsaldez 16:00etatik aurrera.
Adinaren arabera, lau maila bereizi dituzte. Infantil mailakoek (2008-09an jaiotakoak) banaka jokatuko dute, lau t’erdiaren barruan. Gainontzekoak binaka ariko dira: alebinak (2010-11), benjaminak (2012-13) eta aurre-benjaminak (2014-15). Eskuz jokatuko dute denek.
Izen-ematea, gaurko
Ataun Kirol Elkarteak antolatutako pilota txapelketarako izena emateko azkeneko eguna gaur da. Elkarteari mezu elektroniko bat bidal dakioke (ataunkirolelkartea@gmail.com), edo bertako arduradunen batekin telefonoz hitz egin.
Izena emandakoek bakarrik jokatu ahalko dute taldean, eta ordezko bat ere erants daiteke. Behin txapelketa hasten denetik ez dute pilotari gehiago onartuko. Jaiotze urtea nahitaez adierazi behar da, dagokion adin mailan kokatzeko.
Partidak 18 tantora izango dira, eta kanporaketa erako sistema izango dute: galtzen duena kanporatuta geldituko da. Haur gazteenek pilota goxoak erabiliko dituzte. Alebinetan goxo pisuduna sartuko dute, eta infantilek ukitu-erdiko pilotak erabiliko dituzte. Azken finalak abenduaren 30ean, arratsaldean jokatuko dituzte.
Haur ugari
Zortzigarren ekitaldia du Ataungo Gabonetako Pilota Txapelketak, eta partaidetza oparoa izan du aurreko urteetan. Iaz ez zen egin, pandemiaren murrizketengatik. Aurten ere haur asko espero dituzte antolatzaileek, eta puntualtasuna eskatu diete, partida guztiak beren orduan has daitezen eta denbora izan dadin. Auzoetako frontoian bi kantxa banatuko dituzte; aurrean bat, eta atzean bestea.
Maila guztietan daude sariak: txapeldunentzat txapelak eta garaikurrak, eta txapeldunordeentzat garaikurrak. Txapelketako pilotari onenarentzako beste garaikur bat egongo da.