Nafarroa etorbidearen eta Oriamendi kalearen arteko igogailua martxan dago
Hirugarren igogailuarekin Nekolalde kalearen eta Nafarroaren arteko ardatz irisgarria amaituta dago. Urtarrilean Oriamendi kaleko zorua hobetzeko lanak hasiko dira
Nafarroa etorbidearen eta Oriamendi kalearen arteko igogailua atzo jarri zuten martxan. Urbietxean tarteko geldialdia dauka, etorkizuneko adinekoen egoitzara traba arkitektonikorik gabe iristeko. Nafarroa etorbideko 1. eta 3. blokeen artean dauden bi merkataritza lokaletara ere iristeko balio du. Lanek zazpi hilabeteko iraupena izan dute eta 274.128 euroko kostua.
Hirugarren igogailuarekin Nekolalde kalearen eta Nafarroaren arteko ardatz irisgarria amaituta dago. Leire Artola alkateak azpimarratu zuen Beasain irisgarria lortzeko bidean beste urrats bat dela.
Esku-hartze hau Nafarroa etorbidearen eta Oriamendi eta Erauskin kaleen arteko lotura hobetuko duten hiruretatik lehena da. Martxan dauden erretiratuen etxeko lanen ondoren, Oriamendi kaleko eta Erauskin plazako zorua berrantolatu eta hobetuko da. Gabonak igaro ondoren, 2022ko urtarrilean, lan hauek hastea espero da.