Neguko lehen azokan, gazta protagonista
Olaberriko gazta handiak arreta piztu du giro hotzeko azokan. Aurten ere ez da Eguberriko azoka berezirik izango.
Neguko lehen feria araberakoa izan da, negu girokoa. Hotz eta Eguberri jaien aurreko azoka izanik ez zen espero zitekeen jende kopurua.
Produktuetan erreparatuz Behieko gazta berri bat aurkeztu zuen atzo Olaberriko Etxeberri Goikoa baserriko Judith Gartziak. Alpeetan egiten den eran egina. «Elastizitate handikoa, birrintzeko edo urtzeko erabili ohi da bereziki baina horrela jateko ere oso ona da. Pasta egosia deitzen denarekin egiten da, normalean baina tenperatura altuagoan 45-50 gradutan. Oso suabea eta usain gozokoa». Neurriak arreta deitzen du 12 kiloko gaztatzarra baita. Salgai da 16 euro kiloa. 300 litrotik gora esne erabili dituzte halako hiru gazta egiteko.
Barazkiak
Barazkietan aparteko nobedaderik ez. Arantxa Zurutuzaren postua oraintxe aire libreko baratzetan aurki daitezkeenaren lekuko: aza, brokolia, azalore, arbiaza, aa gorria, bruselaza, txinatar aza, arbia, erremolatxa, zerba, azenarioa, apio erraboila, porru, eskarola…
Joan da hemengo piper, leka edota kuiatxoen garaia. Tomate garaia ere ez da. Negutegiak horretarako prestatuak izan behar dute, berogailu eta abar eta halere eguzki ordu hain gutxirekin nekez onduko eta gorrituko dira.
Frutetan kiwia, sagar, hur, intxaur eta azken udareak, Mantekosa de ardi eta konferentzia motakoak izan dira orain arte, azkenak atzokoak.
Lore postuak deigarri
Ponsetiaren kolore gorria nagusi Aramako Agerreko M. Doloresen postuan. Kolore askotako loredunak ondoan Zaldibiako Azanzatarren postuan. Biola, pentsamendua, Sta Teresa Luma, azalea, ziklamena…
Atzo lehen jazintoak salgai 2 euro /bakoitza. Berez beranduago loratu ohi dira baina azken urteetan Gabonetarako loratze puntuan izateko modua egiten dute.
Azoka berezirik ez
Azkenik, datorren astean izateko zen Eguberriko azoka berezirik aurten ere ez da izango.