Udalari eta Goxarari ikatza ekarri diete
Etxez etxeko arreta zerbitzuko langileen grebara Olentzero eta Mari Domingi batu dira. Ikatza utzi dute Beasaingo Udaletxeko eta Goxarako bulegoetako atarietan, eta langileek protestarako eskuorriak oparitu dizkiete
Beasaingo etxez etxeko arreta zerbitzuko langileek hamahirugarren greba eguna dute gaurkoa. Udaletxeko eta Goxarako atarietan protesta egin dute, gainerako egunetan bezala, baina gaurkoan babes berezia izan dute. Hainbat herritarrez gain, Olentzero eta Mari Domingi batu dira mobilizazioetara. Langileei Beasaingo etxez etxeko zerbitzua greban!!! zioten eskuorriak eta puzgarriak oparitu dizkiete eta Udalari eta Goxarari, ikatza.
Mari Domingik, tonu sarkastiko batean, Leire Artola Beasaingo alkatea “oso txintxoa dela” izan dela eta “opari asko merezi dituela” esan du. Langileek “oso baldintza onak” dituztela eta “ezin direla kexatu” eta “ez zaratarik ateratzeko” gaineratu du.
Beasaingo Udalari eta Goxarari hitzarmena adosteko eskatzen diete langileek. Ez dute inolako hitzarmenik eta arautegi orokorraren baitan egiten dute lan. Langileak kexu dira arautegia ez dela beraien beharretara egokitzen eta babesgabe daudela. Esaterako, lan ordu solteetan egiten dute, jarraikortasunik gabe; baina egun guztirako lotuta daude ondorioz. Gainera, soldata txikiak dituzte, orduen arabera kobratzen dutelako. Eta orduak aldakorrak direnez, soldatak ere aldakorra dira.
Urtebete baino gehiago daramate hitzarmena lortu nahian, protesta-intentsitate ezberdinarekin. Irailean kalera irteten hasi ziren eta azaroan zazpi greba egun egin zituzten. Abenduan sei greba egun egin dituzte, azkena gaur. Erantzunik ez dutela jaso esan dute eta protestan jarraituko dutela iragarri dute.