Zegamako gaztetxoen pilota txapelketako finalak jokatuko dira arratsaldean
Aurrebenjamin, benjamin eta alebin mailetako lau partida jokatuko dira; ondoren, nagusien lau t’erdiko partida izango da. Sukiak eta Galdosek Gipuzkoako txapela irabazi dute 3. mailan.
Tartaloetxe pilota elkarteak antolatuta, pilota jaialdia izango da gaur Zegamako frontoian. Batetik, umeen pilota txapelketako finalak jokatuko dira. SanMartin egunean ziren jokatzekoak, baina bertan behera geratu ziren. Eta bestetik, federatuen arteko partida jokatuko da, nagusietan. 17:00 inguruan hasiko da jaialdia. Amaitzerakoan Ostatun egitekoa zen mokadutxoa bertan behera geratu da.
Umeek lau partida jokatuko dituzte, maila ezberdinetan, eskuz binaka.Aurrebenjaminetan, Matxinandiarenak eta Lasak Lozano-Otaegi bikotearen aurka jokatuko dute; lehen urteko benjaminetan, Perez-Telleria eta Arakama-Zabaleta ariko dira; bigarren urteko benjaminetan, aldiz, Goiburu-Goiburu bikoteak Gomez-Otaegi bikotearen aurka jokatuko du; eta azkenik, bigarren urteko alebinetan, Ormazabalek eta Izagirrek Etxezarretaren eta Landaren kontra jokatuko dute. Nagusien partida, berriz, Sukia eta Azketaren artekoa izango da, lau t’erdikoan.
Gipuzkoako txapeldun
Tartaloetxe pilota elkarteko Sukia-Galdos bikoteak Gipuzkoako eskuz binakako txapela irabazi berri du, nagusien 3. mailan. Joan den asteburuan jokatu zuten Gipuzkoako txapelketako finala Lazkaoko Lapke elkarteko Otxoa-Olano bikotearen aurka, Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta 22 eta 14 gailendu ziren.
Bi hilabete inguru iraun du txapelketak. Sailkatze fasean, urrian, Otxoa eta Olanok irabazi zuten Zegaman jokatutako Sukia eta Galdosen aurkako partida, 22-15. Zegamakoek txapelketa osoan galdutako partida bakarra izan zen hura. Lazkaoko bikotea, berriz, partida guztiak irabazita iritsi zen finalera. Semifinaletan, 22 eta 7 irabazi zuten Intzako Lasarte Artetxe eta Elolaren kontra. Zegamakoek, aldiz, 22-8 irabazi zuten semifinala Ataungo Baztarrika-Urdangarin bikotearen kontra. Azken partidan Zegamako bikotea bilakatu da Gipuzkoako txapeldun.