Udalak 11.306.961 euro izango ditu 2022ko ekitaldiari aurre egiteko
EAJ eta PSEren aldeko zazpi boto, Legazpiko Berdeen aurkako bat eta EH Bilduren sei abstentzio jaso ditu 2022rako udal aurrekontuak. Gizarte zerbitzuen partida da nabarmenena
Legazpiko Udalak 11.306.961 euroko aurrekontua izango du hurrengo urteko udal kudeaketari aurre egiteko. Herenegun, abenduak 21, udaletxeko pleno aretoan iluntzean egindako osoko bilkuran onartu zituzten udal kideek urte berrirako diru kontuak. EAJ eta PSE-EEren aldeko zazpi boto jaso zituen aurrekontu proposamenak, EH Bilduk abstentzioa bozkatu zuen, eta Legazpiko Berdeak taldeak kontrako botua eman zuen.
Legazpiko Udalak onartzen dituen pandemiaren eraginpeko bigarren aurrekontuak dira, eta kondizio horri egin zion aipamena Koldobide Olabide alkateak dokumentua aurkeztean: «Diru kontuak prestatzean, bizi dugun egoera kontuan hartu dugu, eta pertsona eta familia zaurgarrienak babesteko lehentasunarekin jarraitu dugu». Horregatik, susperraldi ekonomikoan jarri dute jomuga diru kontuek, eta bide horretan hainbat proiektu estrategiko jaso dituzte, «lanpostuen hazkundea eta herriko komunikazioen hobekuntza» ekarriko dituztenak.
Datorren urteko aurrekontuen abiapuntua «udalaren osasun ekonomiko ona» dela ere nabarmendu zuen Olabidek, besteak beste, 131.000 euroko superabita duelako eta zorpetze maila %1,55ekoa delako bakarrik.
Diru sarreren igoera
Bestetik, diru sarreren atalerako aurreikuspenek 2019ko edo pandemia aurreko maila berreskuratuko dela baieztatzen dute. Izan ere, diru sarreren %60 Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren bidez iritsiko dira, eta kopuru hori 2019koaren parekoa izango da. Gainerako diru sarrerak udal zergetatik eta tasetatik etorriko dira, eta horiek zenbateko osoaren %36,7 dira. Eusko Jaurlaritzatik iritsiko den diruak osatuko du diru sarreren atala.
Gastuei dagokienez, aurrekontuen 11.306.961 eurotik %35,5 langileak ordaintzeko izango dira (4.015.385 euro), % 43 zerbitzuen kontrataziorako (4.872.352 euro) eta 7% inbertsioak egiteko (778.000 euro).
Aurrekontuaren banaketa
Aurrekontua atalka nola banatu duten ere azaldu zuen alkateak. Hiritartasunaren atalak jaso du berriz ere kopuru altuena, %45a hain zuzen, 5.115.356 euro. «Gure kudeaketa eredua pertsonetan oinarritzen da, eta guztien ongizatea hobetzeko zerbitzu publikoak eskaini nahi ditugu». Gizarte zerbitzuen partida da nabarmenena, 2.315.000 eurorekin.
Lurraldetasuna atalerako, 3.794.709 euro izango dira (%36,5). HAPOren berrikuntza eta hainbat inbertsio egingo dituzte, irisgarritasuna bermatzekoak horietako asko.
Azkenik, Antolakuntza atalean 2.396.896 jaso dituzte (% 21). «Udal modernoa, aldaketarako prest dagoena, gertukoa eta proaktiboa» lortzeko lan egingo dute.













