Ion Izagirre, ziklo-kroseko Euskadiko txapeldun
Lehen aldiz irabazi du elite mailako ziklo-kros txapelketa ormaiztegiarrak. Bigarren haren anaia Gorka sailkatu da eta hirugarren Jonathan Lastra. Bi anaiek Astanako elastikoarekin korritu duten azken proba izan da.
Ion Izagirre da Euskadiko ziklo-kros txapeldun berria. Atzo lortu zuen titulua Aiarako II. Ziklo-Kros irekian, Gorka Izagirre anaiari eta Jonathan Lastrari 27 segundoko aldea aterata. Hirurak Elite-UCI mailako txirrindulariak dira.
Anaietan zaharrena, Gorka, izan zen lasterketa mugitu zuena, baina pare bat matxura tarteko denbora galdu zuen lasterketan zehar, eta hori ondo baino baliatu zuen Ionek titulua irabazteko. Bi anaiek Astanako elastikoarekin korritu duten azken lasterketa izan zen atzo Arabako lurretan jokatutakoa.
“Beti da polita txapelketak irabaztea. Euskal Herriko elite mailako titulu hau ez neukan, falta zitzaidan, eta pozik nago”, adierazi zuen Ion Izagirrek lasterketa irabazi berritan.
Txapeldunaren elastikoa datorren igandean estreinatuko du Izagirrek Ormaiztegiko 50. Ziklo-kros proban. Euskal Herriko egutegiko azken proba izango da.