Inuxente egunez, oroi
Inozentzio Olea bertso-jartzailea Zerainen jaio zela gaur 100 urte betetzen direla eta, oroimen saioa antolatu du ZerainLabek. Iñaki Murua eta Aitor Furundarena ariko dira eskuz ezku, elizan
Inozentzio Olea Ariztimuño (Zerain, 1921ko abenduaren 28a-Legazpi, 2010eko azaroaren 12a) bertso eta gai-jartzailea, eta idazlea jaio zela gaur ehun urte betetzen direla baliatuz, hura oroitzeko saioa antolatu du ZerainLab elkarteak. Iñaki Murua bertsolariak eta Aitor Furundarena musikariak onduko dute saioa elizan, 18:30ean. Doan da.
Olea Zeraingo Mendarte baserrian jaio zen, eta txikitatik jaso zuen etxean bertsozaletasuna amak kantatzen zituen bertso zaharren bitartez. Patrizio Etxeberriaren lantegian lana aurkitu eta Legazpira joan zen bizitzera; han Floren Agirre zegamarrarekin ezkondu eta bi seme-alaba izan zituzten. 60ko hamarkadaren bukaeran eta 70ekoan haren bertsoak ezagun egin ziren, eta bertsolari txapelketen ohiko pertsonaia bihurtu zen, baina ez bertsolariaren paperean, gai jartzaile eta epaile gisa baizik. Garai berean haren bertsoak ohikoak bihurtu ziren Diario Vasco egunkarian Basarrik zeraman sailean. Aldi berean bere kolaborazioak komunikabide hainbatetan argitaratu ziren.
Euskaltzaindiaren Xenpelar Saria eskuratu zuten 1966an Nere jaiotetxea bertsoekin. 1970ean, Antonio Zabalaren eskaerari erantzunez, Goierriko lorak bertso-liburua argitaratu zuen Auspoa bilduman, eta 1984an esperientzia errepikatu zuen, Otemotxeko arnasa izenburupean. 1994an Bertsolari Egunaren barruan bertsozaleen omenaldia jaso zuen, eta 1997an eta 2002an bere lan periodistikoen antologiak argitaratu ziren.
Kontuak eta bertsoak
Gaurko oroimen saioan, Iñaki Muruak Oleari buruzko hainbat kontu eta pasarte gogoratuko ditu, eta Aitor Furundarena arduratuko da haren bertsoak kantatu eta musikatzeaz. ZerainLabeko Aitziber Makatzagak aurreratu duenez, emanaldian zehar Olea agertzen den bideo batzuk ere proiektatuko dituzte. Inuxente egunez egingo diote oroi Inozentziori, Mendarten datzaten haren errautsetatik gertu.