Santikutz abesbatza gabon kontzertuarekin itzuli da publikoaren aurrera
Aitziber Murgiondo omendu dute koruan 25 urte egin dituelako. Marian Lasak ere jaso du omenaldia, zuzendari lanetan 26 urte daramatzalako. 30etik gora abeslarirekin, taldea osasuntsu dago
Santikutz Abesbatzako kideek Gabon kantez eta alaitasunez bete zuten parroki-eliza igande iluntzeko kontzertuan. Halako emanaldirik eman gabe bi urteko etenaren ostean, «gogoz eta ilusioz» heldu zioten eginkizun horri abeslariek, ohi bezala Marian Lasa zuzendari lanetan zutela eta Jesus Ollo «piano jotzaile handia» laguntzen. Elizan bildutako publikoarentzako esker hitzak ez zituzten falta izan abeslariek, ezta Fernando Altolagirre parrokoarentzako eta Legazpiko Udalarentzako ere, kontzertuaren antolaketan laguntzeagatik.
Abesbatzaren itzulerako kontzertua omenaldietarako ere baliatu zuten, eta bi kideri aitortza egin zieten taldean egindako 25 urteko ibilbidea eskertuz. Aitziber Murgiondo izan zen bat, eta bestea, Marian Lasa, abesbatzan urte gehiago egin dituen arren, zuzendari lanetan 25 urte egin dutelako, «26, egia esan», biharamunean oraindik emozionatuta aitortu zuen bezala. «Ez nuen espero, sorpresa handia izan zen niretzat!». Sorpresaz gain, opariak ere jaso zituen Lasak, eta «oso pozik» dago, «beste 25 urte egiteko indarra eman didate!».
Santikutz, osasuntsu
Santa Zeziliako emanaldi gazi-gozoaren ondoren azken orduan lekua aldatu zieten, eta ia ilunpetan abestu behar izan zuten, eta entseguak egiteko ziurgabetasunak tarteko, bi urteetan publikoaren aurrean abesten zuten lehen aldia zen igandekoa. Pandemiaren bilakaerak publikoari nola eragingo zion beldur ziren, baina jendeak oso ondo erantzun zuen, eta COVID pasaporte eta guzti hurbildu ziren parrokiara. «Oso gustura geratu ginen hainbeste publiko ikusita», aitortu du Lasak.
Bi urte eta gero, abesteko gogoz zeuden, baina «baita urduri ere, publikoaren aurreran egoteko ohitura galdu egiten delako». Kontuan izan behar da, gainera. maskara berezi bat jantzita abestu behar zutela. Baina guztiari aurre egin, eta kontzertu bikaina egin zuten.
Honen ondoren, Santikutz abesbatza ez dela geratuko adierazi du Lasak, «ea politikariek uzten diguten». Legazpin zortedunak direla erantsi du, beste leku batzuetan abesbatzak desagertu egin direlako. Santikutz indartsu dago, taldea osatzen duten 30etik gora abeslariak gogoz dabiltza, eta ez dute hutsik egiten astearte eta ostegunetan 21:00etatik 22:00etara egiten dituzten entsaioetan.
Igandeko kontzertuaren aurkezpenean azaldu zuten bezala, motibaziorik ez dute falta: «Abestea oso atsegina da, eta abesbatza batean abestea adierazpen kolektibo bat da, bihotza jartzen den ekintza bat, eta zama emozional handia daramana. Abesbatza batean abesten duten pertsonen bihotzek batera egiten dituzte taupadak».