Goazen-en Lazkaoko ikuskizuna martxoaren 12ra atzeratu dute
Telebista saio ezaguneko aktoreak emanaldi bikoitza egitekoak ziren gaur Lazkaon, baina egoera dela-eta, atzeratu egin dute emanaldia.
Bi pase zeuden programatuak, bakoitzean 350 ikuslerekin. Baina LABIren Aholku Batzordeak, LABIren Batzorde Teknikoaren Irizpeneko gomendio zientifiko-sanitarioak eta Bizi Berri IV Plana aintzat hartuta, dekretu berri bati argi berdea ematea erabaki zuen atzo, abenduak 28: 51/2021 Dekretua, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2ak eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioaren eremuan prebentzio-neurri espezifikoak zehazten dituena.
Gaurtik, abenduak 29, beste hainbat neurriren artean, oro har, edukiera % 60koa izango da mota guztietako establezimenduetan eta barne-esparruetan. Horrek zuzenki eragiten dio Areria Aretoari.
Aurreikusitako ikuslegoa ezarritako edukiera berrira egokitzeko eragozpenen aurrean, Udalak bi saioak atzeratzea erabaki du, herritarren segurtasuna bermatze aldera: martxoaren 12an izango dira.
Gaur egungo sarrerek martxoaren 12ko saioetarako balioko dute. Hala ere, sarreren itzulpena egiteko aukera ere zabaldu du Udalak: Udaletxean bertan burutu behar da. Informazio gehiagorako 943 08 80 80 telefono zenbakira deitu daiteke edota amagoia@lazkao.eus helbidera idatzi.