Santamariaren omenezko eskubaloi txapelketa jokatu dute Ispillan
Hernani eta Urola eskubaloi taldeek hiru partida jokatu dituzte, maila ezberdinetan. Saskia 807 txartelari egokitu zaio aurten. Dirua Biodonostia ikerketa zentroarentzat
Anabel Santamaria zenaren omenezko eskubaloi txapelketa jokatu zen astelehenean, Ispilla kiroldegian. Iazko etenaren ondoren, bosgarren txapelketa izan da aurtengoa. Neuroendekapenezko gaixotasunen ikerketarako dirua biltzeko helburuarekin antolatzen da.
Anabel Santamaria 2016an hil zen gaixotasun luze eta sendaezin baten ondorioz: artrofia multisistemikoa zuen. Urola eskubaloi taldearekin «oso harreman estua» zuela esan du Jose Angel Garcia Varak. Garcia Vara urtetan izan da Urola eskubaloi taldeko lehendakaria. Gaur egun, kolaboratzaile gisa jarraitzen du taldean eta txapelketa honen antolakuntza lanetan ere kide aktiboa da.
Ikertzeko diru-laguntza
Azaroaren amaieran hasi zuten diru bilketa saski baten zozketarako txartelak salduz, «guztira mila saldu ditugu», esan du Garcia Varak. Horrez gain, aurten txapelketako merchandising-a ere jarri dute salgai. Gainera, Urretxuko eta Zumarragako farmazietan ere itsulapikoak izaten dituzte urte guztian zehar, «nahi duenak bere ekarpena egin dezan». Oraindik, ez dute aurten bildutako diru guztia jaso, baina urtero «3.000 eta 3.500 euro artean» biltzen dutela esan du Garcia Varak.
Jasotako dirua Biodonostia ikerketa zentroari ematen diote, «oso diru gutxi bideratzen da gaixotasun hauek ikertzera. Guk gure aletxoa jarri nahi izaten dugu txapelketa honen bitartez». Behin diru guztia jasota urtarrilean egingo da dohaintza.
Txapelketari dagokionez, Hernani eta Urola taldeek hartu zuten parte, azkenean. Hasiera batean, Irungo Txingudikoak ere bertan izatekoak ziren arren, azken unean etortzerik ez zutela adierazi zuten. Hala haurren mailan mutilen eta nesken arteko partida bana, eta kadeteen mailako nesken arteko norgehiagokek osatu zuten txapelketa. Urolako kideak esan duenez, klubak Youtuben duen kanalean zuzenean eskaini zituzten hiru partiduak eta «400 bistaratze baino gehiago» izan zituzten.
Oroigarriak eskertzeko
Txapelketaren amaieran saskiaren zozketa egin zen. 807 izan zen irabazlea. Horrez gain, Santamariaren senideei lore sorta eskaini zion Urola eskubaloi taldeak. Jose Manuel Moron senarrak eta Ana Moron koinatak jaso zuten oroigarria. Txapelketaren antolaketan urtero laguntzen duten hainbat pertsonari ere oroigarriak banatu zizkieten, eskertza moduan. Hernaniko eta Urolako kideak eta arbitroak izan zituzten gogoan. Amaitzeko, txapelketako kamisetak ere zozketatu zituzten partida bakoitzaren amaieran bi taldeetako jokalarien artean.