Emakumeak aktibo izateko
Emakumeak Mugimenduan irudikatzen duen Txita Ibiltaria Goierrin dabil egunotan. Erronka digital solidarioan izena emateko epea ere zabaldu dute
Emakumeak Mugimenduan egitasmoa irudikatzen duen Txita Ibiltaria Goierrin dabil egunotan. Atzo Ordizian izan zen, gaur Beasainen izango da, eta urtarrilaren 4an, Lazkaon. Aurrez, abenduaren 13an, Santa Lutzi egunez, Urretxu-Zumarragan izan zen. Guztira Gipuzkoako 20 udalerri zeharkatuko ditu, eta Donostian izango du helmuga, urtarrilaren 8an. Egitasmo honen helburua emakumezkoen aktibotasuna bistaratzea eta garatzen laguntzen da.
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, astean 150-300 minutu artean jarduera fisikoa egitea komeni da. Horren harira, EHUko Hezkuntza eta Kirol fakultateko ikerlari talde batek 18 eta 64 urte bitarteko emakumeen aisialdiko jarduera fisikoa eta kirol ohiturak aztertu ditu.
Hirutik bat, ez aktiboak
Gipuzkoako 4.000 emakume ingururen erantzunak lagin modura hartuta, Gipuzkoako emakumeen hirutik bat ez direla aktiboak ondorioztatu dute, astean 120 minutu baino gutxiagoz egiten baitute kirola. «Inaktibotzat hartzen dute beren burua, eta hori sinisten dute. Gehiengoa herri txikietan bizi da, eta 30-49 urte artean dituzte. Asko ama ere badira», dio ikerketak. Ez-aktibo izatearen atzean, oztopo eta muga komunak daude: estereotipo fisiko zein estetikoak, beldurrak, kirol gaitasun eta intentsitateari lotutako sinismenak, denbora falta, interes falta, ezagutza falta eta bidelagun falta.
Erronka digital solidarioa
Emakumeen jarduera fisikoa areagotzeko helburuz, hainbat ekintza antolatu dituzte, eta horietako bat Emakumeok Mugimenduan Erronka Digital Solidarioa da: «40.000 kilometro, munduari bira emateko. Gipuzkoan hasi eta bukatuko dugu, meridianoa zeharkatuz». Parte hartzeko Kinendu aplikazioa deskargatu eta izena eman behar da, eta une horretatik aurrera, norberak bere mugimendua erregistratu ahal izango du. Urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra batuko dira kilometroak.