Hiri Galduak etxeko taldea Willis Drummondekin batera arituko da gaur
2019an argitaratu zuten 'Ertzak' diskoa aurkeztuko du herrian Hiri Galduak taldeak. Ia bi urte daramatzate zuzenekorik eman gabe. Willis Drummond modu akustikoan arituko da
Ia bi urtez zuzeneko emanaldirik eman gabe egon ostean, Urretxuko eta Zumarragako Hiri Galduak taldea taula gainera igoko da berriz, gaur arratsaldean. Willis Drummond baionarrekin batera egingo dute urteko azken kontzertua, Zelai Arizti aretoan.
Hiri Galduak Josu Calvoren proiektu pertsonal moduan jaio bazen ere, laster hartu zuen talde itxura, herriko beste musikari batzuk proiektura batu zirenean. Taldeak bi lan ditu argitaratuta: Paititi (2017) eta Ertzak (2019). Sortu zenetik gaur arte taldeak garapen bat izan du, bai kideen aldetik, baita musikari dagokionean ere. Josu Calvo taldeko gitarra eta ahotsak esan duenez, «gaur egun lau kidek osatzen dugu taldea: Aitor Carrascok (bateria), Aitor Urteagak (baxua) eta aurtengo fitxaketa berria den Iñaki Beruetek (gitarra eta ahotsa».
Musikari dagokionean ere garapen nabarmena izan du lehenengo lanetik bigarrenera. «Hasierako abestiak akustikoagoak ziren, oso garbiak. Orain pop-rock edo power-pop estilora gerturatu gara banda moduan». Euren abestiek gai askori buruz hitz egiten dute, «askok egoera pertsonalak deskribatzen dituzte, badaude musikarien egoerarik buruz hitz egiten dutenak, eta baita gai sozialak ere».
Diskoaren aurkezpena
Gaur arratsaldeko kontzertua «aukera polita» da taldearentzat. Ertzak diskoa herrian aurkezteko baliatuko dute emanaldia, «2019an Durangoko Azokan aurkeztu genuen, eta 2020 hasieran hiru bat zuzeneko eman genituen. Gero pandemia iritsi zen, eta dena bertan behera gertatu zen», gogoratu du Calvok.
Ordu erdiko saioa prestatu dute gaurko. «Bi diskoetako abestiekin nahasketa bat egingo dugu. Amaieran sorpresaren bat ere egongo da». Datorren urteari begira zuzeneko gehiago eman eta lan berriren bat grabatzeko asmoa dutela ere jakinarazi du.
Willis Drummond-ek, bere aldetik, modu akustikoan egingo du gaurko emanaldia. Ohiko erritmo frenetikoa alde batera utzi eta formatu intimoagoan etorriko dira. 19:30ean Hiri Galduak-ek irekiko du emanaldia Willis Drummond-ek jarraituta.