Nazioarteko maila, agerian
Hugo Gonzalez de Oliveira kataluniarra eta Simona Kubova txekiarra izan dira igerilaririk onenak Ordiziako Eguberrietako 39. Igeriketa Txapelketan
Goi mailako lehia agindu zuten, eta Ordiziako Eguberrietako 39. Igeriketa Txapelketak eman du maila. Puntuei dagokionean, Simona Kubova txekiarra eta Hugo Gonzalez de Oliveira mallorkarra izan dira onenak. Gonzalez Europako txapelduna izan da aurten. Biek ala biek ere, bina garaipen lortu dituzte. Matteo Milli eta Francesca Fangio italiarrak, eta Lidon Muñoz valentziarra ere maila onean aritu dira.
Euskaldunik onenaren saria, berriz, Aritz Elizalde nafarrak jaso du. Dominei dagokionean, Italiako eta Espainiako igerilariak izan dira proba gehien irabazi dituztenak, 7 eta 6 garaipenekin, hurrenez hurren. Euskal igerilariek eta Herrialde Katalanetakoek launa proba irabazi dituzte, eta bi txekiarrek.
Goizetik hasita, 300 igerilarik baino gehiagok parte hartu dute sailkapen probetan. Horietatik guztietatik 124 sailkatu dira finalerako. Proba guztietan sei partaideko finalak jokatu dituzte, 50 metroko librean izan ezik, han 5 gizonezko eta 4 emakumezko lehiatu dira.
Kirol egokituari ere egin diote keinua Ordiziako sariketan. Paralinpiar Jokoetan lehiatu berriak diren Nahia Zudaire eta Iñigo Llopis izango dira, besteak beste, Ordizian.
Azken aldiko beste hainbat kirol proba bezala, Ordiziako igeriketa saria ere Covid-19ak ere prebentzio neurriek baldintzatutakoa izan da. Hala, publikorik gabe ospatu behar izan dute aurten, igerilarien osasuna babesteko eta leku itxian jende pilaketak ekiditeko. Gainontzean, igerilariek normaltasunez parte hartu ahal izan dute.
Bazkari jendetsua
Eguberrietako igeriketa sariarekin batera, Ordizia Igeriketa Taldeak bazkaria ere egin zuen atzo, bertako nahiz gonbidatutako taldeetako igerilarientzat. Kiroldegiko kantxan prestatutako jantokian. Guztira 200 bat lagun elkartu dira, eta herriko sukaldari taldeak paella jana prestatu du denentzat.
SAILKAPEN NAGUSIA
Emakumezkoak:
1. Simona Kubova (TXE)
2. Francesca Fangio (ITA)
3. Lidon Muñoz (KAT)
Gizonezkoak:
1. Hugo Gonzalez de Oliveira (ESP)
2. Mateo Mill (ITA)
3. Alejandro Calderon (ESP)
Euskaldun saria:
1. Haritz Elizalde (EH)