Rubik kuboa modan dago
Txapelketa berezia antolatu du Jon Alberdi gazteak. Herriko lehen Rubiken kubo txapelketa jokatu da Legazpin aste honetan. 1974an asmatuta, historian zehar gehien saldu den jostailua da.
Jon Albedi Garde 10 urteko gaztetxoak Rubiken kuboa oraindik modan dagoela gogorarazi die legazpiarrei. Hain gustuko duen jostailuari eta haren zaleei keinu bat egin zien joan den astean, eta Legazpiko lehen Rubiken Kubo Txapelketa herrikoia antolatu zuen. Herenegun, abenduak 28, jokatu zen , eta beste gaztetxo legazpiar bat suertatu zen irabazlea: Pawel Walczyk.
Antolatzailea piska bat atsekabetuta zegoen bi partaide besterik ez dituelako izan lehen txapelketa honek, bera eta Pawel. Baina azken orduan antolatu izanak eta Legazpin pandemiak eragin duen egoera kaskarrak ez dute asko lagundu. Hala ere, lehiatzeko jende asko prest agertu ez bazen, deialdiak arrakasta izan zuela esan daiteke, Kultur etxeko areto nagusian Rubiken kuboaren dozena bat zale elkartu zirelako, tartean heldu batzuk ere bai. Horren aurrean, Jonek ez du etsi, eta txapelketaren bigarren edizioa antolatzeko prest agertu zen. Oraingoarekin bezala, gurasoak laguntzeko prest daude berriz ere, baita epaile lanetan eta laguntzen ondoan izan zituen Elur Reyes eta Markel Sanchez lagunak ere.
3×3 kuboa, klasikoa
Nork ez du ezagutzen Rubiken kuboa? Ernö Rubik arkitekto eta diseinatzaile hungariarrak asmatu zuen 1974an, eta historian zehar gehien saldu den jostailua da. Aldaera asko ditu, baina jatorrizkoa da ezagunena, 3x3x3 kuboa. Horixe erabili dute, hain zuzen, Legazpiko lehen txapelketan.
Buruhauste-jolas mekanikoa da. Kuboa sei kolore desberdinetako 26 kubo txikiz eta hiru ardatzez osatuta dago. Jolasaren helburua mugimenduen bidez kuboaren hasierako egitura berreskuratzea da, hau da, alde bakoitza kolore bakarrekoa izatea.
Baina badira kubo mota gehiago, eta horietako batzuk txapelketa amaitu ostean ikusteko eta probatzeko aukera izan zuten kultur etxean bildutakoek: 2×2, 4×4, dodekaedroa, Pyraminx edo piramidea, borobila…
Jon Albedi, aditua
Rubiken kubo klasikoa du gustukoen Jon Alberdik, eta esan daiteke aditua dela jolas horretan, 50 segundu besterik ez ditu behar kuboaren sei alderdiak dagokien kolorez osatzen. Hala ere, Jonen errekorrak 38 segundukoa da.
Aspertuta zegoen asteburu batean hasi zen jolasean, udan, hasieran 2x2koarekin, baina horrekin asmatzen ez zuenez, 3x3x3koa erosi zuen. «Hasieran mugimendu aleatorioak egiten nituen, baina poliki-poliki ikasten joan nintzen eta asko praktikatu eta gero lortu dut hain denbora gutxian kuboa osatzea», azaldu du.
Horren ondoren, txapelketa batean parte hartzeko gogoa etorri zitzaion, eta Rubiken kuboaren webgune ofizialean sartuta, Nafarroako Elizondon egin behar zenarekin egin zuen topo. Baina ezin izan zuen parte hartu, plaza guztiak beteta zeudelako. Horregatik otu zitzaion bere txapelketa propioa antolatzea, Legazpin, eta udaletxearekin harremanetan jarrita, erraztasunak besterik ez dituzte izan.
Partaide gutxi izan dituen arren, Jon oso pozik dago txapelketarekin, herriko Rubik kubo zale gehiago ezagutu ahal izan dituelako. Bide batez, gonbitea luzatu du kuboarekin jolasteko, «oso entretenigarria delako».