Gorka Izagirre eta Paula Suarez txapeldun Ormaiztegiko ziklo-krosaren urrezko proban
Elite gizonezkoen lasterketan Jonathan Lastrak –bigarren– lanak emandizkie Izagirrei anaiei. Jon Izagirre hirugarren sailkatu da. Jendetza izan da proba ikusten. Juantxo Gorostidi omendu dute.

Pandemia aurreko azken proban bezala, Gorka Izagirrek irabazi du Ormaiztegiko Ziklo-Kros Proba. 50. ekitaldia jokatu da gaur eguerdian, iazko hutsunearen ondotik. Movistar taldekoa atzodanik da ofizialki Izagirre, eta lehen garaipena sorterrian lortu du. Markarik gabeko elastiko neutroarekin korritu du. Jon Izagirrek Cofidis talde berriaren elastikoarekin egin du karrrera.
Ziklo-krosaren handitasunaren erakustoki izan da Ormaiztegi. Eguraldi paregabeak lagunduta, jende asko bildu da 2.700 metroko zirkuituan. Ikusgarritasun handiagoa eman dio barruti berriak, pandemiaren arauengatik herrigunetik atera behar izan ondoren. Gustatu zaie, bai ziklokroslariei, bai ikusleei.
Elite gizonezkoen azken lasterketa ere bereziki ikusgarria suertatu da. Gorka eta Jon Izagirre anaiak ziren zaletuentzat ahogozagarri goxoenak. Baina Jonathan Lastra (Caja Rural) ere lanerako gogoz etorri da, eta lanak eman dizkie. Lehenbizi, Jon Izagirrek hartu du buruzagitza, eta lehen itzulirako buruan jarri da. Laukote bat osatu da, nor baino nor: bi Izagirre anaiak, Lastra eta Igor Arrieta (Kern Pharma).
Azken hiru itzuliren faltan, Izagirretarren eta Lastraren artean geratu da dema. Jonek metro batzuk galdu ditu, eta azken birako helmugako pasaeran 14 segundo atzetik. Lastrak gogor jo dio Gorka Izagirreri, baita metro batzuk hartu ere. Baina azken metroetan, Gizarte Etxetik zubi azpirako asfalto puskan, bigarren garaipena bideratu du ormaiztegiarrak, esprintean.
Elite emakumezkoen mailan –juniorrekin batera korritu dute, aurreko lasterketan– parekorik ez duela erakutsi du beste behin Paula Suarezek. Olatz Odriozolak bakarrik egin dio itzal pixka bat.
Sariak ematerako unean, Juantxo Gorostidi ziklista ohia omendu dute ormaiztegiarrek. Donostiako Ibaetan jaioa, umetan joan zen Urnietara bizi izatera. Zikl-krosean 1960tik 1980ra bitartean aritu zen. Ormaiztegin 11 aldiz parte hartu zuen; emaitzarik onena 2. postua lortu zuen, 1970ean. Espainiako Txapelketan 18 aldiz aritu zen, eta hiru aldiz txapeldun atera zen. Munduko Txapelketako talderako ere 12 urtetan hautatu zuten Gorostidi; posturik onena, 8. lekua, 1979an lortu zuen.
Gorostidik berak jantzi dio Gorka Izagirre 2022ko txapeldunari txapela. Sariak ematen, bestetik, Mari Carmen Etxeberria herritarra ere aritu da. Ormaiztegiko lehenengo ziklo-kros proban, 1962an, hark eman zion lore sorta Jose Luis Talamillo irabazleari. Gaur, 80 urterekin, irribarretsu eta adeitsu saritu ditu ziklistak.
Ormaiztegiko 50. Ziklo-Kros Probako irabazleak, mailaka:
Elite mutilak
- 1. Gorka Izagirre (Movistar)
- 2. Jonathan Lastra (Caja Rural)
- 3. Jon Izagirre (Cofidis)
Elite neskak
- 1. Paula Suarez (Oreka)
- 2. Olatz Odriozola (Bizikleta.com)
- 3. Ixone Nuñez (Zuia)
Beste kategorietako garaileak:
- Igor Arrieta (Kern Pharma), 23 urtez azpiko mutiletan.
- Samuel Martinez, junior mutilak.
- Lukene Trujillado, junior neskak.
- Hodei Muñoz, kadete mutilak.
- Naia Garcia, kadete neskak.
- Erlantz Uriarte, Master-30
- Unai Yus, Master-40
- Xabier Mendiaraz (Zaldibia), Master-50
(Argazkiak: Aimar Maiz Morea)