Urteko laguntza-uzta Lapurdira
Goierriko ikastolek Gabonetan ezin izan dute egin Lapurdikoei laguntzeko jaialdirik. Zozketa egin dute, eta hiru sari handi banatu dituzte. Pailazoen emanaldia, aurrerago
Goierriko ikastolek eta gizarteak aurten ere laguntza bildu eta bideratu diete Lapurdiko kideei. Hazia kultur elkarteak abenduaren bukaeran urtero antolatzen duen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldirik ez da egiterik izan aurten, izurritearen eragozpenengatik. Iaz ere formatu murriztuan eta Ordiziako Udalaren eskutik egin zuten, 400 lagunentzat.
Beharrak behar izaten jarraitzen du, ordea, Ipar Euskal Herriko ikastoletan. Ziburuko Kolegioari eta Urruñako Ikastolari laguntzeko lankidentzan 28 bat urte badaramatzate Goierriko Andramendik (Beasain), Jakintzak (Ordizia) eta San Benitok (Lazkao), Hazia elkartearekin. Positibotasuna landu dute aurten ere, eta, besteak beste, errifa atera dute. GOIERRIKO HITZaren Beasaingo egoitzan egin zuten atzo zozketa, hiru sari potoloak banatzeko.
Hiru haur, hiru sari
Hazia elkarteko ordezkari Agus Zinkunegik azaldu du aurten ere diru laguntza batzea lortu dutela. Zozketa-errifarekin bildutakoaz gain, eskualdeko enpresa batzuek ere ematen dute laguntza. «Batetik eta bestetik, laguntza biltzen da».
Hasieran, abeslari eta musikari jaialdiak antolatu zituzten. Haiek modaz pasatu ahala, pailazoen ikuskizunarekin jarraitu dute Lapurdiko ikastolen aldeko lanean. «Jaialdia egonkortu dugu», aitortu du Zinkunegik. Goierriko Gabonetako egitarauan ezinbesteko lekua hartzeraino, egonkortu ere.
Abenduan, eta nahiz eta eguna izendatuta zeukaten pailazoentzat, COVID-19 hedapenak kezkatuta atzeratzea erabaki dute. Egoera lasaitzen denean, egingo dela ziurtatu dute Hazia elkartekoek.
Bien bitartean, errifaren zozketa egiten Goierri beheko hiru ikastoletako haur bana izan ziren, atzo, erredakzioan. Andramendiko Nahiak, Jakintzako Garazik eta San Benitoko Jakesek atera zituzten sarituen zenbakiak, poltsa handi batetik. Uzta eta hazia, biak batean.













