Artzain gazte baten lehen urratsak
Betidanik izan du begiko artzaintza Mikel Mandiolak (Gabiria, 1997), eta gaur egun gazte gutxik aukeratzen duten lanbidea hartu du: artzainarena. Artaldea hazita, uda mendian igaro zuen.
Zazpi urtez geroztik daukat nik ardiekiko tirria», aitortu du Mikel Mandiola Azarolak. «Beti, beti. Beste batzuk ikusi ardiekin, eta edukitzeko gogoa sentitzen nuen betidanik». Etxean aitonak eduki zituen ardi batzuk Aizalekun, baina bera jaiotzerako kendu zituen. Behorrak eta behiak ezagutu ditu. Baina ardiak falta. 16 urterekin etorri zitzaion aukera: Aranburu baserrikoak hamar- arkume eskaini zizkion, haienean laguntzearen truke. Etxean baiezkoa jaso, eta hala antolatu zuen lehenengo multzoa.
2018an igo zen lehenbiziko aldiz mendira, 40 bat bururekin. Andraitzen, Arriurdinen jarri zen, eta 2019an errepikatu zuen. 2020an behean geratu zen, eta 2021eko udan berriro gora jo du. Partzuergoan, San Adriandik gertu, Santispiritu ondoko Buenabistakoen txabolan egon da.
Artaldea asko kozkortu du: 150-160 ardi dauzka. Berak sortutako 50eko taldeari, Araban 31 arkazta eta zegamar batekin beste artalde bat erdibana erosita batu zizkion, iaz. «Lehenago ez nintzen mendiaren zale. Jakin ere ez ardiekin mendian ibiltzen. Beste denak mendira joaten ziren hemen, baina behean erosoago eta hobeto iruditzen zitzaidan. Baina 20 ardi eduki edo behin 50etik gora eduki, diferentea da oso. Kantitate batetik aurrera, larrea ere behar da», dio Mikel Mandiola artzain gazteak.
Etxera erretiratuz
Eskola zaharreko jakinduria dario Mandiolari, nahiz eta Arantzazuko Artzain Eskolan ibilia den. Hitz zaharrak, espresio eta hizkera ahaztuak, artzain zaharren esapideak, eta ia desagertu diren trashumanteen bizimodua transmititzen ditu.
Gabiria nola ez den Partzuergoko herria, han larratzeko Altzanian egotea jarri zioten baldintza, San Adriandik behera. Santispiritura uztailaren erdian igo zen, «beheko belarrak aprobetxatutakoan». Goizean joan, eguna ardiekin pasatu, eta iluntzerako etxera biltzen zen bera. Urriaren azkenean jaitsi zituen abereak. «Egun batzuetan, lainoa eta euria egiten duenetan, luzea egiten da. Tristea baino gehiago, luzea. Iluntzean etxera etorrita, beste animo bat da. Baina goian ere badago lana, lan asko: ezkutuko artzaintza».
Artzaina ona dela erakusteko ez dagoela ardi askoren beharrik, eta artaldea hazteko asmorik ez dauka. «Zenbakitik ez da jaten, ematen dutenetik baizik». Arkumea eta ardi-esnea saltzea ditu diru-iturri bakarrak, ez diru laguntza, ez subentzio. «Aberasteko, behintzat, ez».
Baina pausoa emateaz ez da damutu, ezta izutu ere. «Gustura nago. Buru kantsantzioak makina bat badira gero, baina segitzeko asmoa dut».













