Eliteak, segregazio eta publiko-pribatu bikoa
'Elitist Britain 2019' dokumentuan oinarrituta, elite, aginte eta goi mailako lanpostuetan dihardutenen unibertsitate prestakuntza aztertzen du Jon Diez Egurbide EHUko irakasle legorretarrak zuzendutako ikerketa lan mardulak.

Hego Euskal Herriko Eliteak, boterearen azterketa liburuan argitaratu dituzte Jon Diaz Egurbidek (Legorreta, 1973) zuzendutako ikerketaren emaitzak. Euskal Herriko elitearen «erradiografia» egin nahi izan dute. Manu Robles Ajangiz eta Ipar Hegoa fundazioek bultzatu dute ekimena eta beraien webguneetan edonoren eskura dago lana.
Koronabirusak eragindako etxeratze garaia eta aitarekin ospitalean igarotako gauak baliatu zituen Jon Diaz Egurbidek Hego Euskal Herriko Eliteak ikerketaren oinarriak jartzeko. Izan ere, gainontzean ez du ikerketarako denbora askorik izaten: «Unibertsitateko irakasle izatearen barne sartzen da ikerketa, baina, egia esan, ez dugu denbora askorik izaten». Diazek zuzendutako taldean jende askok hartu du parte, tartean, katedradunak zein unibertsitateko dekanoak.
Gizartea, «segregatuta»
Ikerketatik ondorio nagusi bat atera du Diazek: «Gizartea erabat segregatuta dago publiko eta pribatuaren artean». Aginte postuetako kideen ikasketei erreparatuta atera dute ondorio hori, eta Diazen hitzetan, unibertsitate pribatutik iritsitakoen «gain-errepresentazioa» dago. Hortik abiatuta, unibertsitate pribatuetan ikasitakoek goi-karguetara heltzeko aukera gehiago dituztela ondorioztatu dute.
Halere, EHUko irakaslearen iritziz, «jendeak hori badaki», baina aipagarriena instituzioen jarrera dela nabarmendu du: «Hezkuntzak herritarren berdintasuna garatu behar du eta instituzioek bultzatzen dutena unibertsitate pribatua da». Gainera, ikerketaren zuzendariak unibertsitate pribatuak diru publikoz finantzatzea kritikatu du: «Pribatua eta publikoa maila berean jartzen dituen sistema bat ari gara garatzen eta hori ez da bidezkoa».
Pribatua, lekua irabazten
Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitate pribatua publikoari «lekua irabaztean» ari zaiola ziurtatu du: «Duela zazpi urte, bost ikasletik bat joaten zen pribatura. Gaur egun, hirutik bat». Ikerketaren zuzendariaren iritziz, horren arrazoia Euskal Herriko Unibertsitateak herriaren beharrei ez diela erantzuten da. Adibide gisa, Medikuntzako gradua aipatu du: «EHUk urtero 300 plaza eskaintzen ditu, eta eskaria 3.000koa da».
Pribatua eta publikoaren arteko bereizketaz gain, bestelakoa ere badagoela uste du Diazek: «Segregazioa da nagusi hezkuntza sistema osoan: ekonomikoa eta soziala. Baita segregazio kulturala ere». Azken puntua, segregazio kulturalarena ez dute gehiegi landu, ez baitzen zuzenean ikerketaren gaiari loturikoa. Halere, Diazentzat, aipagarria da euskarak duen lekua, ikerketan batez ere: «Gaur egun, karrera akademikoa egin nahi baduzu ezin da euskaraz publikatu, ez dute baloratzen. Euskarak ikasketetan tokia dauka, baina ez inteligentzian edo zientziaren sorkuntzan. Segregatu egiten gaituzte euskararekin».
Elitea definitzen
Elitea identifikatzerako orduan, Diazen taldeak hurrengo definizioa erabili du: «Gizarte baten edo gizarte talde baten etorkizuna erabat baldintzatu dezaketenak». Haren esanetan, gaur egun klaseak ez daude duela urte batzuk bezain bereiziak. Lehen, elitea agintarien kopuru txiki batek osatzen zuela pentsatzen omen zen, orain, ordea, askoz zabalgoa dela uste du: «Batzuk jatorriz familia aberatsetan jaioak dira, egoera erosoetan bizi izan direnak. Beste asko aginte postuetan daudenak dira, eta beste batzuk ospe handiko jendea: kirolariak, musikariak eta artistak, batez ere». Tartean goierritarrak ere badaude. Eskualdean zenbait enpresa «potente» daude eta horietako agintariak kontuan izan dituzte, baita politikari asko ere.
Erresuma Batuko eredua
Ikerketa Paulo Iztuetak hasitako bidearen jarraipena izan da. Iztuetak hamar urte lehenago ekin nahi omen zion euskal elitea aztertzeari. Diaz, ordea, «beldurtu» egin zen, ez baitzuen uste momentu aproposena zenik. Hamar urteren ostean, baina, osatu dute ikerketa. Oinarri gisa Elitist Britain 2019 ikerketa erabili dute: «Beraien metodologia eta oinarri teorikoak hartu eta hemen aplikatu ditugu». Halere, Erresuma Batuko egoera eta Hego Euskal Herrikoa ez dela berdina azaldu du: «Han garbitasun aldetik ikuspegi oso zorrotza dute, hemen ez».
Gardentasun eskasia horrek zenbait zailtasun eragin dizkio Diazen taldeari. Hasteko, britaniarrek eliteko kideen izen zerrenda kaleratu zuten, hemen ordea ez. Hori egin izan balute, «sekulako iskanbila» eragingo zutela uste du ikerketaren zuzendariak. Gainera, zenbait agintarirekin harremanetan jartzeko arazoak ere izan dituzte, politikari askok ez baitiete erantzun. Hori Ingalaterran pentsaezina dela dio Diazek: «Erresuma Batuan kargu publiko bati mezu elektroniko bat idatzi eta erantzutera behartuta dago, hemen ez». Beste alderdi batzuk ere ezin izan dituzte asko ikertu, bankariena eta lobbyena esaterako, «oso esparru itxiak» baitira.