Gaua magiaz bustitzeko prest
Zalantza askorekin, baina herri gehientsuenetan, Errege Magoen ekitaldiak mantenduko dituzte, moldaketak eginda bada ere. Lazkaon, bertan behera geratu da

Azkeneko unera arteko zalantzekin, baina badirudi, Goierriko herri gehientsuenetara bisitak egingo dituztela Errege Magoek. Momentuz, Lazkaora egitekoak ziren bisita geratu da bertan behera. Gainontzean, unean uneko testuinguruari egokitutako neurriak hartuta, baina Errege Magoak Goierrin izango dira gaur.
Atxipi Elkarteak Errege Magoak Beasainen izango direla baieztatu du. Baina ez dute zamalkadarik egingo. 17:30ean Arangotiko egoiliarrak eta langileak eraikinaren kanpoaldetik agurtuko dituzte eta jarraian, 18:00ak aldera, Loinazko San Martin plazara jaitsiko dira. Bertan, haurrek eskutitzak eman ahal izango dizkiete eta argazkiak atera, baina erregeen magalean ezingo dute eseri. Goxokiak ere banatuko dituzte.
Atxipikoek pena ez dute ezkutatu. Karrozak eta gainerako osagarriak prest zituzten jada, baina pandemiaren azken egunetako bilakaerak ez die beste erremediorik utzi. Halere, zamalkadan ezinbestekoak diren antortxak, Goizeresiko txistulariak, Loinatz Musika Eskolako trikitilariak eta panderojoleak, banda eta Koskola txaranga izango dira. Bertaratuko direnei maskara erabiltzeko eta errespetuz jokatzeko eskatu diete.
Idiazabal ere zeharkatuko dute Errege Magoek, hala jakinarazi dute Guraso Elkarteko kideek. Ohi baino ekitaldi xumeagoa izango da gaurkoa. 19:30ean, Zepaiko etxe ingurutik abiatuko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, antortxeroez lagunduta, eta herriko kaleak zeharkatuko dituzte.
Lazkaon bertan behera
Lazkaon, errege magoen zamalkada eta egun hauetarako antolatuta zuten ekintza egitarau osoa bertan behera uztea erabaki dute.
Legazpin ere, desberdin joango dira aurtengo Gabonak, eta ohiko erregeen zamalkadarik egingo ez badute ere, Legazpiko haurrek ez dute haien faltarik nabarituko. Horrela, gaur, 18:00etatik 20:00etara, azokan egongo dira. Bertan hartuko dituzte haurrak, COVID kutsatzea saihesteko beharrezko segurtasun distantziak gordez. Aurten ere bi postontzi jarri dituzte kalean, haurren ilusio eta nahi guztiak jasoko dituzten gutunak jasotzeko.
Ordiziakoa, zaharrena
Goierrin egiten diren zamalkaden artean historia luzeena duena da Ordiziakoa. 100 urtetik gorako tradizioa du. Baina bigarren urtez jarraian, bizi dugun testuingurura egokitu behar izan dute etorrera. Hala, betiko moduan ez bada ere, Ordiziako kaleetatik igaroko dira Errege Magoak. 18:30ean Altamira auzotik abiatuko dira, autoetan.
Ibilbidea luzea izango denez, pilaketak ekiditeko jendea ondo sakabanatu dadila eta musukoa uneoro jantzita eramatea eskatu dute. Bestalde, gaur arratsaldean, frontoian egitekoa zen harrera bertan behera geratu da. Horren ordez, azken egunotan, haurren gutunak jasotzeko postontziak jarrita egon dira Barrena Kultur Etxearen sarreran.
Ormaiztegin, zamalkada ibiltaria egingo dute, gaur, 16:30ean hasita.
Zegaman, Tobera musika eskolak antolatuta egingo dute Errege Magoen zamalkada. 19:00etan Maxkarretik behera abiatuko dira eta herriari itzulia emango diote, txistularien laguntzarekin. Bukaeran, geldialdia egingo dute plazan.
Zumarragan, hiru tokitatik
Aurten ere Zumarraga bisitatuko dute. Hori bai, bizi dugun egoera dela eta, ez dute ohiko zamalkada egingo. Gaur, errege bakoitza toki batetik sartuko da herrira eta gelditu gabe pasako dira herritik. Antolatzaileek ez dute ordua iragarri. Beraz, herritarrak adi egon beharko dira. Hiru erregeek maskara ongi erabiltzeko eskatu diete herritarrei.