Aurrez aurreko eskolei eutsi diete, baina protokoloak indartuta
Eusko Jaurlaritzak ikastetxeetako protokoloa indartzea erabaki du: maskararen erabileran, taldeak nahasterako orduan eta eskola kirolean izango du eragina.
Birusaren goraldi bete-betekoan egonagatik ere, Goierriko ikasleak aurrez aurre itzuliko dira astelehenean ikastetxeetara Eguberrietako oporren ondoren. Asteazkenean hartu zuten erabaki hori Madrilen, Espainiako Gobernuko eta autonomia erkidegoetako ordezkariek egin zuten bileran. Oporrak hartu aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoan 460 gela zeuden itxita, 205 ikastetxetan: ikasgela guztien %2,63.
Ikaskideren batek positibo emanez gero jarraituko den prozedura, berriz, honakoa da: positibo ematen dutenek zazpi egunez egon beharko dute etxean. Kontaktu estuak izan eta negatibo ematen dutenen artean, berriz, desberdintasunak daude: txertatu gabekoek zazpi eguneko itxialdia egin beharko dute; txertatutakoek, berriz, ez dute itxialdirik egin beharko, sintomarik ez badute behintzat.
Protokoloa indartu dute
Egoera honen aurrean, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeetako protokoloa indartzea erabaki du: maskararen erabileran, taldeak nahasterako orduan eta eskola kirolean izango du eragina. Sei urtetik gorako ikasle guztiek (DBH eta Batxilergokoek barne) maskara jantzi beharko dute patioan daudenean ere, bizikidetza talde egonkorrak mantendu beharko dituzte ezin nahastu beste taldeekin, eta eskola kirolean lehiaketarik ez dago egongo, baina bai entrenamenduak.