«Egindako urraketa guztiei beren lekua eman behar litzaieke»
Gamizek aitortu du "kostatu" egin zitzaiola telebistako lana albo batera uztea; giza eskubideen alorrean ari da orain lanean, eta "bokaziozko lana" duela aitortu du.
Aintzane Gamiz (Legazpi, 1981) aktore lanagatik da, batez ere, ezaguna. Telebista ez zela bere lekua konturatu zen, ordea, segituan, eta bikoiztaile gisa jardun du geroztik. Hori bai, giza harremanak dira Gamizen benetako pasioa. Gizarte Hezkuntza ikasita, gaur egun Baketik fundazioarentzat ari da lanean, gatazka eraldaketaren esparruan. Argituz elkarteko kide ere bada, giza eskubideen ekintzaile gisa.
Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
Gizarte hezitzailea naiz ni, izugarri gustatzen zaizkit giza harremanak. Alor sozialeko pertsona naiz, eta horretan ari naiz gaur egun. Ameslaria, idealista eta gai sozialekin konprometitua naizela esango nuke, eta baita sentibera ere, horrek dituen alderdi onekin eta ez hain onekin.
Zer oroitzapen dituzu zure haurtzarotik eta gazte denboratik?
Legazpitik 16 urte nituela joan nintzen Donostiara, ikastera. Haurtzaroko eta nerabezaroko egoera batzuek bultzatuta erabaki nuen nire herria utzi eta Donostiara alde egitea. Batxilergo Soziala ikasten hasi nintzen, eta beste etapa bati hasiera emateko aukera izan nuen. Urte askoan nire herriko bizitza sozialetik urrunduta ibili naiz. Orain urte batzuk, herriarekin eta gaztaroko zenbait lagunekin harremana berreskuratu nuen berriz ere, eta, orain, nolabait esatearren, esango nuke sendatu zaidala nire herriarekiko min hura.
Aktorea, bikoiztailea eta gizarte hezitzailea zara. Nolatan?
Nire alderdi artistikoa beti egon izan da hor, nahiz eta kasualitatez deskubritu nuen. Donostian, jendea ezagutzeko eta lagunak egiteko helburuarekin hasi nintzen antzerki eskola batean. Hortik, Goenkale telesailerako proba batera deitu ninduten, eta hala hasi nintzen aktore gisa, kasualitate hutsez. Nik neure burua ez nuen ikusten aktore gisa lanean. Selektibitatea amaitu berritan, Goenkale-n hartu ninduten, eta urte sabatiko bat hartu nuen. Gustura aritu nintzen urte batzuetan, baina ez da batere lanbide egonkorra, eta ohartu nintzen neure burua ez nuela ikusten bizitza osoan ezegonkortasun horretan.
Berriz ere ikasketei heldu zenien orduan?
Gai sozialekin lotura handia izan dut betidanik, eta Gizarte Hezkuntza ikastea erabaki nuen. Telebista, ikasketak eta bikoiztaile lanak uztartzen aritu nintzen garai batean. Joxe Felipe Auzmendik bikoiztaile ikastaro bat egiteko deitu zidan; nik 19 bat urte izango nituen orduan. Ikastaro hori egin nuen, eta Joxe Felipek berak eman zidan aukera bikoiztaile gisa nire lehenbiziko lanak egiteko.
Bikoiztaile lanak harrapatu egin zintuen?
Bikoizketa asko gustatzen zitzaidala konturatu nintzen, anonimoa delako batez ere, ez nituelako ez nire gorputza, ez nire aurpegia inon erakutsi behar. Hori asko kostatu zitzaidan hasieratik. Bestetik, telebista ez dela nire lekua konturatu nintzen, eta ez nuela hor egon nahi. Asko kostatu zitzaidan etiketa hori kentzea, eta beste alor batean lana aurkitzea. Gizarte Hezkuntza amaitu nuen, eta Giza Eskubideen graduondoko bat egin nuen gero. Bertan ezagutu nuen Sabino Ormazabal. Gai hauetan hura da nire mentorea, eta ate pila bat ireki zizkidan. Orduan hasi nintzen giza eskubideen eta alor sozialaren esparruetan lanean. Beraz, gaur egun zerekin sentitzen naizen identifikatuen? Bikoiztailea banaiz, hori argi daukat, eta gatazka eraldaketan lan egiten dudala esango nuke.
ETBko Goenkale, Hasiberriak, Pilotari eta Mugaldekoak telesailei esker ezagun bihurtu zinen 2000ko hamarkadan…
Aurkezle ere aritu nintzen ETBko Ze Kosmopolita saioan, eta kolaboratzaile gisa ere bai beste zenbait kasutan. Gauza dezente egin ditut. Hospital Central Telecinco kateko telesailean ere aritu nintzen, eta zinema ere egin nuen, gaztelaniaz: Pasos, Federico Luppi zuzendari argentinarrarena. Telefilm bat ere egin nuen, Moving izenekoa. Antena3 telebista katerako telesail batean ere parte hartu nuen gero, eta beste zenbait gauzatxo ere egin nituen.
Nola lortu zenuen hori guztia?
Agente bat nuen orduan, eta hark lortzen zizkidan castingak. Argi izan nuen, dena den, ez nuela Madrilen lan egin nahi, bertan gauza batzuk egin nituen arren. Ez nuen utzi nahi bikoiztaile lana, ezta orduan neukan lana ere, nire ikasketak ere ez… Ez nuen dena sakrifikatu nahi Madrilera joateko. Sei hilabetez egon nintzen Madrilen bizitzen, baina arrapaladan itzuli nintzen. Hura ez zen nire lekua. Oihan bat da Madril, aktoreen munduan bortitza da konpetentzia, eta une askotan gustuko ez duzun bide batzuetatik eraman zaitzake bizimodu mota horrek.
Nola bizi izan zenuen garai hura?
Erabat ekiditen nuen leku masifikatuetara joatea. Oso gaizki neraman ezagun izate hori; ez zen erraza izan niretzat. Oso gogorra egin zitzaidan neure burua hain agerian ikustea. Nahiz eta Hasiberriak eta gero ere telebistan jarraitu nuen, hasieratik argi izan nuen neure bizitza ez nuela hortik bideratu nahi. Horregatik hasi nintzen ikasten eta beste ate batzuk irekitzen.
Nola ikusten duzu euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena gaur egun?
Iaz, euskarazko telesailen aldeko apustu handi bat egin zuten ETBn, Altsasu, Hondar ahoak eta Alardea-rekin. Uste dut hori izan beharko litzatekeela bidea. Izan ere, fikziorik ez daukan ikus-entzunezko sektore bat ez da sektore osatu bat. Aktore eta egitura aldetik, eta baita teknikoki ere, gaitasun izugarria daukagula iruditzen zait. Gertatzen dena da sektoreko langile askok Madrilen lan egiten dutela, hein handi batean sektorea hiltzen utzi dutelako.
Kalitatezko bikoizketa euskara sustatzeko ezinbesteko tresna dela adierazi izan duzu zuk.
Euskararen normalizazioaren barruan, hizkuntzaren aberastasunarekin afekzio bat sortzeko erreminta garrantzitsua da bikoizketa, ezinbestekoa da. Horrez gain, euskarazko fikzioa egitea, telebistan benetan programa onak egitea, euskarazko plataforma digital on bat izatea…
Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kidea ere bazara. Noiz eta zergatik sortu zenuten elkarte hori?
Orain dela hiru bat urte sortu genuen Bieuse. Ohartu ginen gure tarifak jaisten hasi zirela, gure lan baldintzak okertzen ari zirela, eta ez hori bakarrik, egiten zen lana kalitate txarrekoa zela, ez zela zaintzen ez testua, ez egokitzapena, ez alde artistikoa… Nik neuk eta elkarteko beste zenbait kidek planto egitea erabaki genuen. Beste batzuek ez zuten grebarekin bat egin, eta ez hori bakarrik, geure pertsonaiak eta lanak euren egin zituzten. Ikaragarrizko zisma sortu zen. Baldintza horietan lanik ez egitea erabaki genuen guk, eta Gipuzkoa, Bizkai eta Araba mailako hitzarmen bat bultzatu genuen. Azkenean, ez genuen akordio bat lortu. Guk, geure kabuz, kooperatiba bat sortu dugu eta zenbait lan egiten dugu, batez ere Madrilerako. ETBrako ez dugu lanik egiten.
Aktore lana alboratuta, ikus-entzunezkoen munduarekin zerikusi txikiagoa duten beste lan batzuekin zabiltza orain, ezta?
2010ean utzi egin nuen telebista eta orduan egin nuen Giza Eskubideen inguruko graduondokoa. Orduan ezagutu nuen Sabino Ormazabal ere, eta, hari esker, Gipuzkoako Foru Aldundian lan egiteko aukera sortu zitzaidan. ETAk behin betiko su-etenaren berri eman zuenean, Giza Eskubideen Zuzendaritza bat sortu zuten aldundian, lehenbiziko aldiz, horren inguruko gaiak landu ahal izateko; hala hasi nintzen bertan, teknikari lanetan. Gatazka eraldaketan lan egiten dut, erraztaile lanak egiten ditut, ikastaroak ematen ditut… Gustuko dut nire lana, baina, horren gainetik, garapen pertsonala, giza harremanak… hori gustatzen zait benetan. Horretara bideratu dut nire bizitza, eta horregatik egin nuen trebakuntzaren inguruko master bat, orain urte batzuk. Talde bideratzailea ere banaiz eta bitartekari izateko titulua ateratzen ari naiz orain. Asko gustatzen zait pertsonekin lan egitea eta pertsonek nola funtzionatzen duten ikertzea.
Zertan zabiltza gaur egun?
Baketik fundazioarentzat egin dut lan, gatazka eraldaketaren esparruan, eta, batez ere, bake prozesuan. Gatazka ondorengo egoera bideratzeko, berradiskidetzeko eta bizikidetza gaietan lanketa bat egiteko, bai politikariekin, bai herritarrekin eta baita eskoletan ere. Adibidez, politikariekin bizikidetza eta memoriaren inguruko politika publikoak aurrera ateratzeko espazioak sortuz, herritarrekin gertatukoaren inguruko hausnarketa eginez, eta eskoletan, heziketan gehienbat, adimen emozionalean, gatazka eraldaketan eta antzeko beste zenbait alorretan zentratuta.
Ez da lan makala…
Lan gogorra da. Bitartekari gisa lan egitean, talde oso baten emozioak, aurreiritziak eta egoera pertsonalak kudeatu behar izaten dira beti, eta baita norberarenak ere. Zeure burua etengabe berrikustera eramaten zaitu horrek, baina bokaziozko lana da niretzat. Gustatzen zait taldeek elkarrekin nola lan egiten duten aztertzea eta gai baten inguruan adostasunak lortzeko gai direla ikustea. Horrez gain, nire kontsulta ere badaukat, nahiz eta utzita daukadan oso. Trebakuntza pertsonalean lan egiten dut batez ere. Familiarteko bitartekaritza ikasten ari naiz orain, eta psikodrama ikastaro bat egiten ere ari naiz, taldeko terapia egin ahal izateko.
ETAk behin betiko su-etena aldarrikatu zuenetik urte asko pasatu dira jada, baina kostatu egiten da oraindik horri buruz hitz egitea?
Gizartearen zati bat oso urrunduta dago gai horretatik. 36ko gerraren ostean gertatu zen bezala, isiltasuna gailendu da, hein handi batean politikariak eta erakundeak ez direlako ados jarri kontaketa horretan. Beste batzuek, aldiz, gertatutakoaren parte sentitu direnez, euren ekarpena egiteko beharra daukate orain, berradiskidetze prozesu erreal batean parte hartzekoa. Eta, azkenik, biktimak daude. Eredu dira, pairatu duten sufrimendua pairatzeaz gain, batzuk gai direlako elkarren artean hitz egiteko eta mota honetako prozesu batean parte hartzeko. Baina gizarteak, orokorrean, ez du hartu bere gain gatazkaren inguruko erantzukizun pertsonal eta kolektibo bat, erreala eta masiboa. Beharrezkoa da horrelako gaiei buruz hitz egitea; nire ustez, egindako urraketa guztiei beren lekua eman beharko litzaieke.
Zein lan egiten duzue Argituz elkartean?
Boluntario gisa aritzen naiz, giza eskubideen aldeko aktibista bezala. Tokian tokiko mahai politikoek hala erabakita biktimak aitortu nahi dituztenean, txosten teknikoak egiten ditu Argituzek. Legazpiko prozesuan parte hartu nuen nik, eta urriaren amaieran aurkeztu genuen Memoria partekatu baterantz txostena. Aurretik, Errenterian, Lasarte-Orian, Arrasaten, Andoainen eta Elgoibarren ere egin izan dituzte mota horretako lanketak.