Catalin Filip: «Lagun errumaniarrak baino lagun euskaldun gehiago ditugu»
Errumania erdialdeko Braslov hiritik Zegamara etortzea erabaki zuen 2007. urtean Catalin Filipek eta bere familiak. Integrazioaren adibidea da Filip.
Zegamara oporretan etortzea zen asmoa, bertan bizi zen anaia bisitatzera. Hala ere, badaezpada ere, Errumaniako lana behin-behinean utzita, paperak eguneratuta eta maletak hartuta abiatu zuten bidaia.
Zergatik erabaki zenuen jaioterria utzi eta Zegamara etortzea?
Nire anaia Zegaman zebilen lanean eta oporretan etortzeko asmotan abiatu ginen 2007an. Hala ere, itsasbidaietako itsontzi handietan lan egiten nuen eta nekatu samar nengoen lan harekin. Denbora asko egiten nuen etxetik kanpo eta itzultzen nintzenean semeak ia ez ninduen ezagutzen. Oso gogorra egiten zitzaidan hori. Orduan, oporren aitzakian, anaia Zegaman nuenez, paperak prestatuta ekarri genituen. Lanean behin-behineko baja eskatu nuen, maletak prestatu eta autoan etorri ginen Brasov hiritik Zegamaraino. Bi astean aurkitu nuen lana Zegaman eta bertan geratu ginen.
Ez zinen bakarrik etorri. Lehenengo egunetik gustura sentitu zarete Zegaman.
5 urteko semea eta emaztea etorri ginen; alaba hemen jaio zen 2012an. Lehen momentutik oso ondo, oso gustura sentitu gara Zegaman. Berehala hasi ginen euskarazko hitzak ikasten. Agurrak, zenbakiak, esaldiak… Ogi handi bat, zenbat da, kaixo, aupa. Lehenengo egunetik asko gustatzen zitzaigun Zegama eta ingurua. Oso berdea da… Mendia bertan dago eta hondartzak oso gertu daude. Horretaz gain, oso toki lasai da.
Erraz aurkitu zenuten Zegama?
Autoz etorri ginen Errumaniatik eta Donostian geratu ginen, Zegamara nondik joaten zen galdetzeko. Taxi geltoki batean geratu ginen eta taxista bati Zegamara gure aurretik joateko esan genion, bidea erakusteko eta ordainduko geniola. Taxistak ez zuela merezi esan zigun, oso erraza zela. N1 hartzeko esan zigun eta Beasainera iritsitakoan adi ibiltzeko, Zegama jartzen zuen kartelari segitzeko.
Lana aurkitzeko arazorik ez duzu izan.
Ez, bigarren asterako lanean ari nintzen Intxausti industrialdean. Baina lan istripua izan nuen eta 7 urtean bajan egon nintzen. Oso nekagarria izan zen Mutuekin eta Osakidetzarekin aritzea. Psikologikoki oso gogorra izan zen. 7 urtean bi zirugia izan nituen eta orain aldakako protesia jarri didate. Orduan lanez aldatu nuen eta autobus gidari lanean hasi nintzen, aurretik Gurutze Gorrian praktikak eginda. Orain taxi lizentzia erosi eta taxista naiz. Bajan egon naizen zazpi urte horietan ez naiz geldirik egon. Beasaingo Helduen Hezkuntza Iraunkorrean DBHko titulua atera nuen, ingeleseko B1 titulua ere bai… Orkatz abesbatzak asko lagundu dit prozesu guzti horretan.
Orkatz abesbatzan abesten duzu? Zer moduz moldatzen zara kantatzen?
Orain ez. Bajan egon nintzenean abesbatzan sartu nintzen. Profesional mailan aritzeko ez, baina oso ondo egiten genuen. Bidaiak egin ditugu abesbatzarekin. Dublinera, Sant Santurni de Anoiara… 2016an autobus gidari lanean hasi nintzen eta ez neukan denborarik abesbatzan jarraitzeko.
Integraziorako garrantzitsua izan al da euskara?
Bai. Toki bakoitzeko tradizioak mantendu egin behar dira, errespetatu. Orain askoz gehiago ulertzen dut euskaraz. Autobusean lan egiteko pixkatxo bat jakin beharra dago euskaraz. Non nahi duzu geratu, agurrak… Oinarrizkoa ikasi dut. Euskara ikasteko liburuak erosita dauzkat eta ea orain taxiarekin lanean hasten naizenean, bidaiarik ez dudanean, denbora gehiago hartzen dudan euskara ikasteko.
Sema-alabek ondo jakingo dute honezkero.
Oso ondo. Semeari behin eta behin esan diot adarra jotzeagatik Errumaniara itzuli behar garela. Ezetz eta ezetz erantzuten digu. Toki batean integratuta zaudenean eta ondo hartua zarenean… nola itzuliko zara? Hemengoak gara gu. Emazteak Segurako adinekoen egoitzan lan egiten du. Geriatriako laguntzailea da eta oso gustura dago. Lagun errumaniarrak baino lagun euskaldun gehiago ditugu.
Taxi lizentzia hartu duzu orain.
Oso ilusionatuta nago. Goierrialdeak autobusean lan egiteko aukera eman zidan, jende gehiagorekin; taxiak jende gutxiagorekin lasaiago ibiltzeko aukera emango dit. Lan ezberdina izango da. Taxia egokitua da. Gizartearentzat oso garrantzitsua da hori, behar handia dago eta.