Errekak hazita datoz, beste behin ere
Euri asko egin du Goierrin azken 24 orduetan, eta errekak oso hazita datoz. Ordizian Tximistako pasabidea itxi dute. Euskalmeten arabera, bihar arte ez du erabat atertuko.
Euria gogotik egin du Goierrin, eta errekak hazita datoz, beste behin ere. Atzo metro koadroko 70,1 litro jaso zituen Zegamako neurgailuak, eta 65,3 litro Ordiziakoak. Oria ibaia gainezka egiteko puntuan izan da ohiko tokietan; Igartzako multzoaren inguruan, eta Ordiziako industrialde parean, esaterako. Tximistako zubia, adibidez, itxi egin behar izan dute bart gauean, ura errepideraino atera zela eta.
Gauean zehar erreken maila askorik igo ez bada ere, gaur ere euritan jarraituko du egunak, Euskalmet meteorologia agentziaren arabera. Batez ere goiz eta eguerdi partean egingo du; arratsalderako, prezipitazio gutxiago espero da, baina ez du erabat atertuko. Aurreikuspenen arabera, bihar arratsaldetik aurrera egingo du hobera eguraldiak.