2021ean 180 egunetan egin du euria, gehiena azaroaren 28an
Legazpiko datu metereologikoen bilketa egiten du, urtero, Alonso Frances Alustizak, Goenagako estazioko datuekin.
Alonso Frances Alustiza legazpiarrak egin du iragan berri den urteko eguraldiaren laburpena, Goenagan kokatutako estazio meteorologikoan bildutako datuekin osatuak. Euriari dagokionean, 2021ean 180 egunetan egin zuen euria, 2020an 189 egunetan, 2018an 213 egunetan eta 2017an 186 egunetan. Egunean 30 litro baino gehiago jaso diren egunak sei izan ziren 2021ean; 2020an 6 egun zenbatu ziren, 2019an 9 egun, 2018an 13 egun eta 2017an 10. Euriarekin lotuta, ondorengo datua nabarmendu du Francesek: urrira arte 826,30 litro euri jaso ziren eta kopuru hori bikoiztu egin zen urteko azken 2 hilabeteetan (guztira 1599,80). Hilabeterik euritsuena azaroa izan zen; 93,5 litro jaso ziren azaroaren 28an.
Elurra iaz lau egunetan egin zuen, 2020an bezala; 2019an egun bakarrean egin zuen, 2018an 13 egunetan eta 2017an 5 egunetan. Kazkabarra, berriz, egun bakarrean bota zuen. Ekaitza, azkenik, 12 egunetan izan ziren; 2020an baino bi ekaitzaldi gutxiago izan ziren. Izotz zuria 26 egunetan egin zuen iaz eta azken urteetako behe laino gehieneko eguneko urtea izan zen 2021a. 14 egunetan izan zen behe lainoa Legazpin, 2020an hiru behe laino egun izan ziren, 2019an eta 2017an 5 egun, eta 2018an 4 egun.
Ihintza ere ugari izan zen, 106 egunetan. 2020an 97 egunetan egin zuen ihintza, 2019an 64ta, eta 2018an eta 2017an 79 egunetan.
Beroena, 35 gradu
Iazko hilabeterik hotzena urtarrila izan zen 5,48 graduko batez bestekoarekin; beroena, berriz, abuztua, 18,73ko gradurekin. Urteko egunik hotzena urtarrilaren 7a izan zen, zeropeko 5 gradu jaso zituen Francesek. Beroena, irailaren 6a izan zen: 35 gradu.