Enirion desbroze lanak egiteagatik salaketa ipini dute Eguzkik eta Landarlanek
Irailetik urrira bitartean, baimenik gabe «ote eta txilar desbrozeak» egin dituztela salatu dute talde ekologistek. Gainera, ez dute eskatutako informaziorik jaso.
Eguzkik eta Landarlanek salaketa ipini dute Ingurumen Fiskaltzan, «irailaren amaieran eta urriaren hasieran, ezezagun batzuk ote eta txilar desbrozeak egin zituztelako, ustez, baimenik gabe, Enirio aldean, Aralarko Parke Naturalean eta Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuan, 20 Ha-ko eremuan». Sastraka garbiketak «eragina izan ahal du interes komunitarioko sei habitatetan», bi elkarteek nabarmendu dutenez.
Gogorarazi dute, Aralarko Parke Naturaleko NBAParen arabera, Mendi Babesleari buruzko 26. artikuluan zehazten dela, «debekatuta daudela lurzorua mugiaraztea dakarten lan guztiak, salbu eta zuhaitz estalki iraunkorra ezartzea helburu duten lanak eta sarbideak eta azpiegiturak mantendu eta hobetzeko lanak»; «soil-soilik onartuko da mozketak egitea berezko birsorkuntza zaileko baso-espezieak direnean»; eta, «eremu horietako artzaintza mugatu egingo da. Horretarako, Erabilera eta Kudeaketarako Plan Zuzentzailean zehaztuko da, espezieak, animalia kopurua eta egonaldia».
Informazio eskaera
Landarlan elkartetik adierazi dutenez, informazio publikoa eskatu zioten Enirio-Aralarko Mankomunitateari, lurren jabea baita, eta bi hilabeteren ondoren, ez dutela erantzunik jaso.
Foru Aldundiari ere eskatu zioten informazioa, Parke Naturalaren kudeaketaren ardura duen heinean. «Gertatutakoa aztertuko zutela erantzun» zietela, baina harrezkero ez dutela ezer gehiago jakin, esan du Landarlanek.
Horregatik guztiagatik, Eguzkik eta Landarlanek gertaera hau Ingurumen Fiskaltzan salatu dute, gertatutakoa azter dezaten. Baimenik gabe egindako ekintza izan dela frogatzen bada, «delitu izateaz gain, ekintza oso larria izango litzateke, Aralarren edonork edozer gauza egiteari ateak irekiko bailioke». Administrazio eta erakunde kudeatzaileen aldetik erantzun bateratu eta irmoa espero dute.