Aldapa gora hasi da urtea
Alvarez eta Txikon Manaslura egiten ari diren neguko espedizioa espero bezain gogorra izaten ari da. Elurrak ez du tregoarik eman eta 1. kanpamendura iritsi baziren ere, behera egin behar izan dute
Zailtasunak espero zituzten, eta mendia ez zaie erraztasun handirik ematen ari. Iñaki Alvarez eta Alex Txikon alpinistei aldapa gora jarri zaie Manaslura (Himalaia, Nepal) egiten ari diren neguko espedizioa, urte hasierarekin batera. Mendizale euskaldunek bigarren saiakera dute, iazko saiakeraren ondoren.
Eguberrietara bitartean ondo zihoakien dena, «hotz handia» egin arren. Abenduaren 24an iritsi ziren 5.800 metroko altueran dagoen C1 kanpamendura. Bidea markatu eta material asko igo zuten, eguraldi ona aprobetxatuz. Atzera oinarrizko kanpalekura itzuli eta Eguberrietako afari berezia egin zuten. Biharamunean, berriz abiatu ziren C1era, falta zen materiala igo eta bidea ondo prestatzeko. Gaua bertan pasatzeko asmoa zuten, baina eguraldiak okerrera egin zuela ikusita, C2an lo egin eta atzera ere oinarrizko kanpamendura itzuli ziren.
Elurra garbitzen
Hilaren 28tik 29ra «sekulako elurtea» egin zuen, eta 2 metrorainoko elurra pilatu zen oinarrizko kanpamenduan. Pare bat egun garbiketan eta atseden hartzen pasa eta gero, urtezahar egunean ekin zioten gorako bideari. Egindako elur pilak, ordea, bidea zaildu zien eta 5.400 metroraino iritsi ziren, bidea irekiz eta markatuz. Urtea «elurra garbituz» hasi zutela azaldu zuten espediziokideek sareetan. Elurteak eragindako elur-jausien arriskua neurtzen ere aritu dira, eta Europako eskalan 5/5eko arriskua zegoela ikusi zuten.
Urtarrilaren 4an iritsi ziren, atzera ere, C1 kanpamendura. Elur-jausien arrisku handiarekin eta -25ºko tenperaturarekin. Bertan pasa zuten gaua, baina «oso gogorra» egin zitzaien, eta atzera, oinarrizko kanpamendura itzultzea erabaki zuten. Ekaitza zetorren, berriz ere.
Beste hiru egun pasa behar izan dituzte bertan, tenperatura hotzekin eta denden inguruko elurra kendu nahian. Kerosenoa ere bukatzear zuten, eta Katmandura jaistea erabaki zuten, erregaia eta probisio gehiago hartzera. Han jakin zuten elur-jausi batek oinarrizko kanpamenduaren zati bat aurretik eraman zuela. «Mendiak esan zigun ez zela momentu egokia eta bizitza dela garrantzitsuena», zion Txikonek. Hala ere, «motibatuta» jarraitzen dute espedizioko kideek; bost aste dituzte aurretik oraindik, eta «momentu egokiaren zain» jarraituko dute.