Beasaingo Udaleko zergek 2022an ez dute igoerarik izango
Beasaingo Udalak 2022. urteko egutegi fiskala argitaratu du. Iazkoari eutsi diote, iraileko udalbatzan onartu bezala. Borondatezko lehen epeak zabalik daude; helbideratuta dutenei hilaren 31n egingo zaie lehen kobrantza.
Tasak ere mantendu egin dituzte. Leire Artola alkateak nabarmendu zuen udalak egoera ekonomiko «saneatua eta ona» duela, zorrik ez duelako; eta horrek, tasak izozteko aukera ematen duela. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bildu abstenitu egin zen.
Koalizioak hobarietan eta errekarguetan «pauso bat gehiago» eman beharko litzatekeela uste du. Hasier Agirre bozeramaileak hainbat adibide jarri zituen: zaborrak ongi bereizten dituzten herritarrei hobariak eskaini ahal zaizkiela aipatu zuen, edo etxebizitzaren bat hutsik dutenei errekargu bat jartzea.
Artolak erantzun zion hobari berriak egon badaudela. Aurten, esaterako, zero emisioa duten ibilgailuei %90eko hobaria egingo zaie, «jasangarritasun eta ingurumenaren aldeko keinua eginez».













