Geltokiko lanen lizitazioa ontzat eman du PSE-EEk
Adifek Ordiziako tren geltokiaren irisgarritasuna eta hiri-iragazkortasunezko obrak lizitatu izana «oso berri ona» da sozialistentzat.
Ordiziako Udal talde sozialistarentzat «oso berri ona» da Adifek Ordiziako tren geltokiaren irisgarritasuna eta hiri-iragazkortasunezko obrak lizitatu izana. Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu dutenez, 3.041.677,56 euroko kostua izango dute lanek. Ordiziako PSE-EEk gogoratu du, proiektu honek igogailuak instalatzea ere jasotzen duela, hala, mugikortasun urriko pertsonentzako irisgarritasuna erraztuko delarik. Lanak «Europako Batasunak finantzatuko ditu, Next Generation funtsen bidez» egingo dira.
Iñaki Dubreuil Ordiziako udaleko PSE-EEren bozeramaileak esan du, obra hori «estrategikotzat jo» zutela EAJk eta PSE-EEk gobernua partekatzen zuten agintaldian, «ordiziarren segurtasuna ez ezik, bizi-kalitatea eta mugikortasuna ere nabarmen hobetuko zituela uste baikenuen». Horregatik, «aurreko udal gobernuak, bereziki alkatetzak», egindako kudeaketak «arrakastatsutzat jo» ditu, eta eskerrak eman dizkio Espainiako Gobernuari, bere lehentasunen artean Ordizia hartu duelako geltoki horretako irisgarritasun obren bigarren fasea eraikitzeko, Donostiako Aldirien Sareko (Irun-Brinkola) C-1 linearen barruan, 15 hilabeteko egikaritze-epearekin.
2019rako bukatuta
Dubreuilek esan ez dituen gauzen artean, lanak berandu datozela da, besteak beste. Izan ere, proiektu hau 2017ko abenduaren 22an aurkeztu zuen EAJk osatzen zuen Udal Gobernuak. Egun hartan, Jose Migel Santamaria alkateak, proiektuaren planoa eskuan zuela iragarri zuen, «aurreikuspenen arabera 2018ko otsailean hasita, eta obrak amaitzerako 2019. urtea iritsiko» zela.