Gizarte aldaketaren adierazle
Naturak bere martxa daraman arren, azokako lekukotasun bizia ematen dutenek urte gutxitan aldaketa handiak bizi izan dituzte.
Hotz eta lainotsu, 4 gradu inguru eta hezetasun handiko goiza atzo. Postuz postu zer aurkituko itzulia emanda, lehen tipulinak M. Jesus Oriaren postuan: «Iaz besteak bildu nituenean hauek txiki eta eskasak ziren eta bertan utzitakotik sortuak dira. Orain barneko zurtoina gogortu eta garatu egingo litzateke eta oraintxe jateko oso goxoak dira». 2 euroan sorta bai gorriak bai zuriak. Lehen sahats adarrak loretan ekarri ditu Edurne Jauregi Baliarraingoak.
Gazta berri bat aurkeztu du Itziar Etxeberriak: Los cameros etxekoa, Harokoa (Errioxa). «Ahuntz, ardi eta behi esnea nahastuz egina da. Baditut bezero batzuk nortasuna duen gazta gustuko dutena eta ahal bada pasteurizatua, haiengan pentsatuz ekarritakoa da». 14,5-15 euroan kiloa. Bide batez aita zoriontzeko baliatu dugu eguna.
Azokako aldaketen lekuko
Joxe Mari Etxeberriak atzo 90 urte bete zituen. Orain bueltatxo bat ematera etortzen da feriara, orain gutxi arte hortxe izaten zuen Itziar Etxeberriak aita laguntzaile Arizmendi gaztak postuan «alabak gosaldu bitartean». «Lanerako bizioa duk» eta «kalean bizi naiz aspaldi baina baserriak tiratzen nau ni, ia egunero joaten naiz» aitortzen du umore ederrean. Alaba Itziarrek segitzen du Arizmendi gazta postuan, lanbidea amaren aldetik badatorkio, laugarren belaunaldia Itziarrena.
Aita Joxe Marik, informazio iturri bizia, feria Zaldibiako Lizarraga jaiotetxeko mozkinak saltzera etortzen zenetik ezagutzen du, «ume-umetatik». Garaian herriko eta eskualdeko ekonomiaren giltzarri zen. Orduko kontakizunak ez du zer ikusirik egungo azokako martxarekin. Gizarte aldaketaren lekukotasun argia.
Zuhaitz landare edota arkume salmentari dagokionez ere kontu bera esan genezake, datozen asteetan aipatuko dugun bezala.
Ezgaraiko onddoak
Zamoran bildutako 50 kilo Lasatarren postuan. Bertakoak ere harrituta omen daude garai honetan eta horrelako onddoa sortu dela ikusita. Egin dituen eguraldi beroaren eraginez izan denaren errezeloa dute. Onddoa 25 eurotik hasi eta 42 euroan salgai onena, 3 kilo zizahori ere bai 30 euroan.