IAT zentroaren lanak hasi dituzte
Beasaingo Iturralde Txiki eremuan kokatuko da. Udarako martxan egotea da asmoa

Ibilgailuen azterketa teknikorako zentroa eraikitzeko lanak hasi dira. Zapalgailuak eremua berdintzen dabiltza eta, jarraian, eraikina altxatuko dute. Udararako amaituta izatea espero dute.
Eskari handiko zerbitzua da. Izan ere, eskualde osoan ez dago halako zentrorik. Bergaran eta Urnietan daude gertuenak. Beasaingo Udalak duela sei urte hasi zituen zerbitzua herrian kokatzeko tramiteak. Zentroa Iturralde Txikiko inguruan kokatuko da, Korosti enpresaren eta arku-tiro zelaiaren artean. Goierritarrei eskura ez duten baliabidea eskaintzeaz gain, “tokiko eta eskualdeko jarduera ekonomikoarentzat onuragarria” izango dela gaineratu dute udaletik.
Asmoak luzatuz joan dira. Eusko Jaurlaritzak 2019ko maiatzean iragarri zuen Beasainen IAT zentroa eraikiko zutela, Irungo eta Urnietako zentroek zuten “kolapsoa” arintzeko. Halere, iragarri zuten zerbitzua ez zela “berehala” martxan jarriko; Beasaingo udalbatzak urte horretako irailean eman zion proiektuari oniritzia, aho batez; 2020. urteko udaberrian lanak amaituta izatea espero zuten baina pandemiak garapena gelditu egin zuen. Ekainean sinatu zuten Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmena. Iturralde Txikiko 5.300 metro karratuko orubea doan uztea adostu zuten, betiere, IAT azterketak egiteko; Handik urtebetera, asmoak geldi zeudela ikusita, egoera desblokeatzeko konpromisoa hartu zuten Udalak, Jaurlaritzak eta Itevelesa enpresak, zerbitzuaren ustiatzailea izango denak. Pausoak “lehenbailehen” emateko “ahalegin guztia” jarriko dutela esan zuten, eta 2022an zerbitzua eskaintzen hasiko direla iragarri zuten. Hitza beteko dutela dirudi.