Muxika plaza berritzea, udalaren aurtengo proiektu nagusia
Ormaiztegiko Udalak 1.588.000 euroko aurrekontua izango du 2022an. Pertsonal gastuek aurrekontuaren %27 hartuko dute, eta %25 komunitate ongizaterako izango da
Ormaiztegiko Udalak 2022 urterako aurrekontu orokorra onartu du. 1.588.000,48 euroko aurrekontua izango du udalak. Aurten egingo duten proiektu nagusia Muxika Egurastokiko berrantolaketa izango da. Haur parkeko eremua eta eliza aldeko zatia elkartzen dituen bidean lanak egingo dituzte, eremu bateratu bat sortzeko.
Pertsonal gastuek aurrekontu osoaren %27 hartuko dute, 442.110 eurorekin. %25, berriz, 401.747 euro, komunitate ongizateko ohiko gastuentzat izango da. Bertan sartzen dira argikuntza, zaborbilketa zerbitzua, lokalen eta kaleen garbiketa, mantenu zerbitzuak, lorezaintza zerbitzua, baserri bideen konponketa eta kale egokitzapena eta zirkulazioa. Eraikinetako inbertsioentzako eta kontserbaziorako, berriz, %9,41 izango da, 149.495 euro, alegia.
San Andres Herri Eskola da azken urteetan inbertsiorik handienak jaso dituena. Jon Enrique Galarza alkateak azaldu duenez, eskolako leihoak aldatuko dira aurten. «Eraikina berritzen ari gara eta hori indartu nahi dugu, beharra dauka eta». Gizarte Etxerako, haurtzaindegirako eta udaletxerako ere gordeko dute zati bat.
Diru laguntzei dagokienez, aldaketa bat egingo dute aurreko urtearekin alderatuz. «Iaz COVID-19a dela eta birmoldatu genituen eta partida berezi bat sortu zen tabernariei eta banakoei ere emateko, baina aurten gutxiago espero da eta ohiko diru laguntzak berreskuratu ditugu». 99.133 euro izango dira diru laguntzentzat, aurrekontuaren %6,24, eta 167.850 euro administrazio orokorra kudeatzeko, %10,57 izango litzatekeena.
Gizarte zerbitzuak bideratzeko 92.202 euro zehaztu dituzte, gazteria, kultura eta euskara sustatzeko 90.702 euro, eta hirigintza zerbitzuak kudeatzeko, aldiz, 65.730 euro.
Eremua asfaltatzea
Aurtengo inbertsiorik handiena Muxika Egurastokia berritzeko proiektua izango da. «Urteak daramatzagu azpiegiturak hobetzen: osasun etxea, igerilekua, gizarte etxea, kiroldegia… hor ibili gara eta orain espazio publikoak hobetzen hasiko gara». Muxika Egurastokia eta San Andres kalea berrituko dute, eta baita eliza eta Murua taberna bitarteko zatia. Pabimentazioa berrituko dute, errepide aldeko lorategiak berrantolatuko dituzte, eta kiosko bat jarriko dute feriak, ardo dastaketak edo bestelako kultur ekitaldiak egiteko. Hala, espazioa zabaldu eta Zumalakarregi museo atzetik bi plazak lotuko dituzte.
Partida bat sortu dute horretarako, baina proiektua oraindik amaitzeko dagoenez eta kantitate zehatza ez dakitenez, aurreztutakotik kreditu txertaketa egitea aurreikusi dute.