Pentsiodunen mugimenduak manifestazioa deitu du larunbaterako
Lau urte bete dira Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioak hasi zituela eta borrokarekin segiko dutela iragarri dute. Donostiara joateko deia egin dute Goierritik
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioak deitu ditu larunbaterako. Hiriburuetan eta herrietan egingo dira martxak. Donostian eman zuten prentsaurrekoa eta bertan izan zen, Goierriko Pentsiodunen elkarteko ordezkaritza zabal bat. Goierrin bertan ez da mobilizaziorik egingo, baina Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko egin diete Goierriko Pentsiodunek herritar guztiei. Alderdi Ederren elkartuko dira 12:00etan.
Lau urte bete dira jada, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioak hasi zituela. Astelehenero-astelehenero hasi ziren elkarretaratzeak egiten. Hiriburuetan lehenik. Eskualde mailako mobilizazioak iritsi ziren ondoren. Goierrin, urtebete beranduago batu ziren, baina harrezkero, astelehenero bi elkarretaratze egiten dira eskualde mailan. Bata, Goierri garaian, Zumarragan eta Urretxun egiten dutena, eta bestea, Goierri behean, Ordizian, Beasainen eta Lazkaon, txandaka egiten dutena. Datorren astelehenean, Ordizian elkartuko dira 11:00-etan, Plaza Nagusian.
Bidea «luzea» izaten ari dela adierazi dute, eta «alderdi gazi-gozoak» dituela: «Espainiako Gobernuak ez ditu bere promesak bete, ez lan arloan, ez pentsioen arloan», eta horrek, «etsipena» ere badakarrela.
Baina, egindakoarekin «harro» daude, eta ez dute etsiko; «langileen eskubideen alde, eta pandemia garaian heriotzak gora egitea eragin duten osasun-sistemaren eta sistema soziosanitarioaren murrizketen eta pribatizazioaren aurka egindako borrokaz harro gaude!», esan zuten prentsaurrean.
Berriki onartutako erreforma kritikatu zuten, «pentsioak miserableak» izaten jarraituko dutelako, pentsiodunen mugimenduak eskatzen dituen «1.080 euroetatik urrun» geratuko direlako eta 2011ko erreformaren murrizketak ez dituelako indargabetzen».
«PPren lan erreformen alderdirik atzerakoienek indarrean jarraitzen dute», azpimarratu zuten, Espainiako Gobernuak Kongresura bidalitako testua «ez dela behar dena lan-prekarietateari aurre egiteko eta pentsioek ordaintzen dituzten gizarte kontratazioak hobetzeko».
Oinarrizko eskariak
Testuinguru horretan, 2018an Mariano Rajoyren Gobernuarekin egin zuten bezala, orain PSOEren eta Unidas Podemosen Gobernuari oinarrizko eta premiazko aldarrikapenei erantzuteko eskatu diete, eta horretarako, erreforma horien alderdirik atzerakoienak indargabetzeko ere.
Ondorengoa defendatzen dute: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa; KPI erreala 2021eko ordainketan aplikatzea KPIarekin, 2011ko erreformaren aurretik egiten zen bezala; PPren lan erreforma benetan indargabetzea; 1.200 euroko gutxieneko soldata; eta Urkulluren eta Txibiteren exekutibei eskatu diete gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatzeko eta pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenak babesteko.
Prentsaurrekoa amaitu ondoren, Gizarte Segurantzako Loiolako Erriberetan dituen bulegoetaera joan ziren, eta bertan, pentsiodunen eskariak gogo- rarazteko kartelak ipini zituzten.