Urtzi Arrondok Leioa gidatuko du
Antiguoko jubenilak utzi eta Bizkaira egin du jauzi. Beasainen izango du aurkarietako bat
Urtzi Arrondok Leioa Kirol Elkartearen gizonezkoen talde nagusiaren gidaritza hartu du. Sare sozialen bidez “ilusioz beteta” ekingo diola erronkari aitortu du. “Lana eta gogoa ez zaigu faltako. Ea 2022 polit bat daukagun. Denon artean ziur lortuko dugula”.
Leioak hirugarren mailan jokatzen du, Beasainen liga berean. Sailkapenean hamabigarrenak dira, 23 punturekin. Jaitsiera postuetatik bi puntura daude eta igoera kanporaketetatik, hamarrera. Zuzendaritzak gorago aritzea espero zuen, eta azkeneko lau partidak galdu ondoren, Andoitz Galdos entrenatzailea kargugabetzea erabaki zuten.
Arrondori egin zioten eskaintza. Antiguoko jubenilak zuzendu ditu orain arte. Aurretik, Gernikan bigarren b mailan eta Beasainen hirugarren mailan aritu da. Etxean lau denboraldi egin zituen eta taldea bigarren b mailako atariraino eraman zuen, baina azken unean ez zuten igotzea lortu.