Beasainen berdintasunean biziz
Beasainen kontziliazio erantzunkidea hobetzeko hainbat proiektu pilotu abian jarriko dituzte merkataritzan eta hezkuntzan. ‘Beasain berdintasunean bizi’ goiburupean, 2022ko ekintza plana adostu dute Herrilab laborategiko talde eragileko partaide diren ordezkariek.
Beasain Berdintasunean Bizi lemapean, herrian berdintasuna eta kontziliazio erantzunkidea sustatzeko hainbat proiektu pilotu abian jarriko ditu 2022an Herrilab egitasmoak. Berdintasuna oztopatzen duten “egiturazko joerak, estereotipoak, genero rolak eta ohiturak” eraldatzeko ekintza praktiko eta positiboak garatuko dituzte datozen hilabeteetan Beasainen. Udalaz eta Aldundiaz gain, Asmube Emakumeen Elkarteak, Oriako Lamiak, Murumendi ikastetxeak, Goiekik, In Group eta CAF enpresak eta merkatarien ordezkaritza batek osatzen dute talde eragilea 2019tik.
Honela, bi urteotan egindako azterketaren ondotik, datozen hilabeteetan hiru helburu nagusi bultzatuko ditu Herrilabek. Batetik, herritarren sentsibilizazioa bultzatuko da, lanaren eta bizitza pertsonalaren kontziliazioak gure bizitzan duen garrantziaz ohartaraziz eta gizon-emakumeei ezartzen dizkiegun inpaktu desberdinak ikusaraziz. Bestetik, herritarrek eta eragileek egitasmo honetan duten parte-hartzea handitzea sustatuko da eta, hirugarrenik, udalerrian kontziliazio erantzunkidea hobetzeko proiektu pilotuak abian jarriko dira.
Esperientzia pilotuak
- Merkataritzan, lau astez Beasaingo denden “ordutegiak arrazionalizatzeko” esperientzia pilotua egingo da, “ondoren emakumeen eta gizonen kontziliazioan duen eragina baloratuz”. Otsailean hasita, lau astez, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko ordutegia 16:00etik 19:00etara moldatuko dute ekimen honekin bat egiten duten merkatariek.
- Hezkuntza komunitatean, “ohiko genero-rolak hautsi eta aitek adingabeen zaintzan duten inplikazio maila handitu asmoz –bilera orokorretan eta jarraipen bileretan parte hartzea, etab.–, ikasturte honetan ikastetxeek aitarekin harremana lehenetsiko du edozein gorabeheraren aurrean; hau da, gurasoekin harremanetan jartzeko lehen deia beti aitari egingo diote”. Gaur egun, herriko bost ikastetxeetatik hiruk parte hartzen dute ekintza pilotu honetan: Murumendik, Alkartasuna Lizeoak eta La Sallek, azken kasu honetan HHko 5 urteko gelan eta LHko 1. eta 2. mailetan. “Esperientziaren amaieran, parte hartu duten hiru ikastetxeekin esperientziak, ikaskuntzak eta zailtasunak partekatuko dira eta ondorioak ikastetxeei eta familiei aurkeztuko zaizkie”.
- Enpresa eta lan munduan, “seme-alaben oporraldi garaian familien kontziliazio erantzunkidea hobetzeko” neurriak aztertuko dira, Goiekirekin elkarlanean. Izan ere, “gurasoek garai horretan izaten dute zailtasun gehien arlo profesionala eta haurren zaintza bateragarri egiteko. Honetarako, enpresen eta langileen partaidetzarekin, ikerketa bat egingo da eta herrian eskura dauden baliabideen hobekuntza proposamena landuko da, ondoren proposamen hori errealitate bilakatzeko”.
Beasaingo Udalaren ustez, “Beasain bere ezaugarri sozio-demografikoengatik, izaera industrialagatik eta elkarte eta herritarren artean duen sareagatik, bizitza pertsonal, familiartekoa eta profesionalaren kontziliazio erantzunkidea bultzatzeko eredu egokia da”.
Bestalde, Miren Elgarrestak, Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, gogoratu du oraindik ere “asko” dugula egiteko “gizon eta emakumeen berdintasunera” bidean. “Hori lortzeko palanka nagusietako bat kontziliazio erantzunkidea da. Gaur egun emakumeek hartzen dutelako nagusiki beren gain etxeko lana eta zaintzaren ardura eta beharrezkoa da gizonezkoak alor horretan gehiago inplikatzea. Eraldatze hori modu positiboan gauzatu nahi dugu, elkarlanari eutsiz, herritar komunitate gisa desafio honi modu berritzailean erantzunez”, aipatu du. Sakondu duenez, horretarako jarriko dira abian hiru esperientzia pilotu horiek, hartutako neurriek funtzionatzen duten “elkarlanean aztertu eta gogoeta egin ondoren”, herrirako erabilgarri ez ezik, “lurralde osorako erreferentzia” izan daitezen.