Bizkaitik datorren komedia beltza, Antzerki Garaia hasteko
'El instituto T' antzezlanak zabalduko du gaur, Beasaingo eta Ordiziako Antzerki Garaia zikloa. Hurrengo saioa, gaur zortzi, Ordizian. Urteko bonuak salgai daude.
Lakanosa Teatroaren El instituto T antzezlanak irekiko du gaur Usurbe Antzokian (20:30) Beasaingo eta Ordiziako udaletako kultura sailek antolatutako Antzerki Garaia zikloa. Launa antzezlan izango dira herri bakoitzean, eta hauxe da Beasainen egingo direnetan gazteleraz izango den bakarra. Ziklo guztirako bonuak erosteko epea pasa da dagoeneko, eta sarrerak Kutxabanken edo Usurbeko leihatilan eros daitezke (12 euro).
Bizkaiko antzerki konpainia honen lehen antzezlana da Beasainen ikusi ahal izango dena. Gaztetako hiru lagunek osatzen dute konpainia Javier Antonek, Jon Zabalek eta Gorka Martinek, azken hori zuzendaria ere bada, eta zinema beltza gogora dakarren komedia da taularatuko dutena, zientzia fikzio eta thriller kutsua ere baduena. 85 minutu irauten du emanaldiak.
Gaur zortzi, Ordizian
Zikloko hurrengo antzezlana Ordiziako Herri Antzokian izango da, hilaren 21ean. Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga Lehendakari Gaia lanarekin datoz.