Gazte irakurle txokoa bidea hastear da
Irakurle gazteen taldea osatu dute Ormaiztegin. Lehen saioa hilaren 21ean izango da, eta Alaine Agirreren Maren landuko dute. Parte hartzeko kultura sailera deitu edo idatzi behar da
Ormaiztegin badago irakurle talde bat dagoeneko martxan. Taldekideak hilabetean behin gutxi gora-behera liburutegian elkartu ohi dira, hilabete horretan egokitutako liburua landu eta aztertzeko. 2022 urte honetatik aurrera, bi talde izango dira, gazte irakurle taldea ere sortu baitute. Lehenengo saioa urtarrilaren 21ean egingo dute, datorren asteko ostiralean, 18:00etan, liburutegian. Parte hartu nahi duten gazteek kultura@ormaiztegi. eus helbide elektronikora edo whatsappez 688 657 455 zenbakira idatzi behar dute.
Aurreneko saioan Donostian bizi den Alaine Agirre idazle bermeotarraren Maren liburua landuko dute. Aurreikusitako hurrengo saioetan ere Agirreren liburuak landuko dituzte: otsailaren 18an Libe, martxoaren 18an Oier eta apirilaren 8an Ane. Hain zuzen ere, idazleak berak dinamizatuko ditu saio guztiak. Bilduma antzerako bat osatzen dute lau liburuek, baina ale bakoitza independentea da. Pertsonaiek amankomunean dute gaztetasuna atzean utzi eta heldutasunerako bidean daudela.
Ane Aranburu kultur teknikariak azaldu duenez, «gazteen irakurzaletasuna bultzatzeko» sortu dute taldea, eta «dagoeneko 10-12 gaztek» eman dute izena.
Irakurleek liburutegian bertan eskuratu dezakete liburu bakoitzaren ale bat, tertulia aurreko saioan. Saio guztiak izango dira 18:00etan, liburutegian.
Helduak, hilaren 25ean
Helduen irakurle taldeari dagokionez, Mark Haddon idazlearen El curioso incidente del perro a medianoche liburua landuko dute urtarrilaren 25ean, 18:00etan. Monica Leivak dinamizatuko du tertulia, gazteleraz.