Erosketa orgak eta aterkiak jarri ditu berriz ere Ilintik bezeroen eskura
Herrian erosteko erraztasunak eskaini nahi dizkie legazpiarrei ekimen honekin. Antzeko kanpaina bat egin zuen 2012an. Bidai baten zozketa egingo du otsailaren 3an
Orain dela urte batzuk bezala, Ilinti Legazpiko merkatarien elkarteak erosketa orgak eta aterkiak jarri ditu bezeroen eskura, behar dituztenean erabili ditzaten. Kanpaina honek Eskura du izenburua, eta joan den astean aurkeztu zuten.
Legazpiko Udalarekin elkarlanean jarri du martxan kanpaina Ilintik, «legazpiarrei tokiko merkataritzaren hurbiltasuna erakusteko helburuarekin», aurkezpenean azaldu zuten bezala. Kanpainaren lagungarri, kalean eta hainbat saltokitan silueta batzuk jarri dituzte.
Eskura kanpainaren aurkezpenean Ilintiko lehendakaria den Laura Nuñezek eta Erik Galvez zinegotziak parte hartu zuten, herriko hainbat merkatarik babestuta.
37 komertziotan
Ilintiren inguruan 37 merkatari elkartzen direla azaldu zuen Laura Nuñezek, eta saltoki bakoitzean bezeroei uzteko orga bat eta aterki pare bat izango direla erantsi zuen. Euria egiten duenean, edo erosketak eramateko orga behar dutenean, bezeroek maileguan hartu ahal izango dute aterki bat edo erosketa orga, eta gero itzuli egin beharko dute, hurrengoan beharra duen beste bezero batek erabili ditzan.
2012an ere antzeko ekimena jarri zuen martxan Ilintik, eta orduan ere kortesiako erosketa orgak eta aterkiak eskaini zizkien bezeroei; ordukoak berdeak ziren, gaurkoak, gorriak.
Kanpainaren nondik norakoa azaldu eta gero, Erik Galvez zinegotziak hartu zuen hitza, eta horrelako ekimenak martxan jartzeagatik Ilintiri eskerrak emanez hasi zen, «erosleei laguntzeaz gain, tokiko merkataritza bizirik mantentzen laguntzen dutelako, eta ondorioz, baita herriko kaleak ere». Gainera, deia egin zien herritarrei, Legazpin bertan eros dezaten. Herrian erosita, «aberastasuna eta enplegua sortzen laguntzen» dela nabarmendu zuen. Merkatarien elkarteak udalarekin egiten duen elkarlana ere «balioan jarri» zuen, «Legazpiko merkataritza hazteko aurrerapauso bat egiteko ezinbestekoa delako».
Bezeroak fidelizatzeko
COVID-aren eragina oraindik nabaria den unean abiatu du kanpaina berria Ilintik, eta beste kanpaina bat ere martxan duela. Gabonen atariak 100 euroko balioa zuten hamar erosketa bonu zozkatu zituen merkatari elkarteak bezeroen artean, eta orain, Ilintiren ordainketa txartela hilaren 10etik 28ra bitartean erabiltzen dutenen artean bidai bat zozkatuko du.
Bidaia bi pertsonentzako izango da, eta 1.000 euroko balioa izango du. Irabazleak Legazpiko B the Travel Brand agentzian trukatu beharko du saria, eta aukera izango du destinoa eta datak aukeratzeko. Bestalde, aukeratzen duen bidaiaren kostua handiagoa bada, aldea ordaindu beharko du.
Zozketa otsailaren 3an egingo du Ilintik, Caja Ruralen Legazpiko bulegoan.
Kanpaina hauen helburua bezeroak fidelizatzea da, «eta balio erantsi bat eskaintzea». Merkatariei zuzenduta, bazkide berriak lortzeko kanpaina bat ere jarriko dute martxan laster.